Beldurren gainekoak (berriro)

Duela hiru egun…

…ibilbide luzea oihanean zehar. Ibilbidearen hasieran, Volcán Barú Parke Nazionaleko sarrera postuan, kristaurik ez, ezta sartzeagatik ordaindu behar diren 5 dolarrak kobratzeko ere. Goizeko zortziak, eguraldi zoragarria, paraje ikusgarria. Aurretik lauzpabost orduko bidea, oihan itxian zehar.

Hemen ez ditek esaten ez joateko, asaltoak-eta izaten direlako egunero, garai batean Guatemalako sumendien inguruko ibilaldietan bezala; ez dik ematen halako arriskurik dagoenik. Baina idatzita zegok, irakurri nahi duenarentzat: No entre en el sendero sin guía experimentado / Do not enter the trail without an experienced guide. Camine siempre acompañado. Eta bestelako letrero bihotz-altxagarri batzuk ere bai, sakabanatuta: Cueva del tigre. Peligro, no entre. Paso del saíno [Saíno-ak basurde moduko batzuk dituk, saldoka ibiltzen direnak, eta nahiko erasokorrak, antza]. Sáino horietakoak, jaguarrak, pumak, tapirrak, lagartoak [krokodiloak], tximinoak, sugeak, armiarmak, insektuak… horiek denak egon bazeudek, baina badakik oso-oso zaila dela batekin topo egin eta arazoak izatea. Adjektibo zenbait ere gogora datozkik, arrapaladan, ibilbideari ekin orduko: iluna, izugarria, laborritsua, hilgarria, debekatua, bortitza, itzela, etsaia, ezezaguna, galgarria… Makila bat hartu bidelagun bakar, eta aurrera.

Lehen bi ordu luzeak bakar-bakarrik egin dituk. AEBko parkeetan hartzak uxatzeko erositako txintxarria bezalakorik ere ez daukak motxilatik zintzilik. Xabier Leteren ahotsik ere ez, baina haren kantaren bat edo beste intonatu duk pasabide eta bihurgune itsuenetan, isiltasun kilkertsuari aurre egitearren. Barne mintzoa duk, ordea, beldurgarriena; oihuka ari zaik, baina ez ozen, eta piztiak uxatzeko beti ere hobe duk zarata pixka bat. Oihanak irentsi egiten dik bat.

Kontrako norabidean bikote gazte bat –eta gero beste bat, ez hain gaztea– azaldu den arte. Horiek ez ditek kantari hasteko premiarik, elkarrekin hizketan zoazak lasai (eta heu ere inoiz baino hiztunago aurkitu haute, ingelesez mintzatu beharra suertatu bazaik ere). Handik aurrera ikuspegia erabat aldatu duk, eta ibilbideaz gehiago gozatu duk; heu lehen bezain bakar eta oihana lehen bezain oihan izanagatik.

 

Duela bi egun…

…Boquetetik Santa Catalinara autobusez. Lau mikrobus, hobeto esan, bata bestearen atzetik: Boquete – David; David – Santiago; Santiago – Soná; Soná – Santa Catalina; goizeko bederatziak jotzerako abiatu eta arratsaldeko seietan iritsi helmugara, ilunbistan. Hemen ez zegok Mexikoko autobus haietako asalto konturik, ez duk halakorik aditu –ez irakurri ere– behintzat.

Errepide onak dituk, bazterbiderik gabekoak; eta obrak zeudek han eta hemen. Mikrobuson abiada izugarria duk, gehiegizkoa, hala iruditu zaik behintzat. Eskapadaren bat edo beste ere egin duzuela esango huke, gidariak emandako bolante kolpe bat dela medio ia bazterrera joan zaretenean. Nikaraguan duela urte asko izandako hura etortzen zaik horrelakoetan burura, amesgaiztoetan oraindik ere inoizka errepikatzen zaian eszena: autobusa, errepide bustian ganadua topatu, frenatu, eta ia irauli zenekoa, alde bateko gurpilen gainean segundo batzuk egon eta gero berriro bere onera etorri zenekoa (eta aldameneko emakumea negar batean, ume txikia besoetan estu).

Benetan gaizki pasatu duk, zertarako beste gauza bat esan, eta ia 400 km izan dituk estuasun horretan.

Oharra: Itzulerako bidea egiten ari haiz orain, Santa Catalinatik Sonáraino, mikrobus berean, eta abiadura normala iruditzen zaik gaur… Ez hago hain neurotiko, lehengo egunekoa ez zuan normala! Edo ohitzen hasi haiz, bestela.

 

Duela egun bat…

Coiba izeneko uhartea ezagutzeko gogoa handia huen, han eta hemen irakurritakoengatik. Urte askoan isolatua egon zuan uharte handi hori, presondegi bat egon zelako bertan; 1990eko hamarkadan, baina, presondegia itxi eta Parke Nazional bihurtu zitean. Galápagos uharteekin konparatzen ditek askok, bertako landaredia eta fauna ohiz kanpokoak omen dituk; jatorrizko oihana azalera gehienean, koralezko arrezife zabala inguruetan… ikertzaileentzako ikas eremu aberatsa.

Santa Catalina herrixkatik ia ordu eta erdi ematen ditek ontziek uharteratzeko, karelez kanpoko motorrari ahal duena eta gehiago eskatuz. Eta, lehendik ere bahekien, Ozeano Barea ozeano duk, baina ez duk barea; ez urte sasoi honetan behintzat. Harantzakoan ohartu haiz, ontzi ziztrin hura olatuen gainetik saltoka hasi denean, badiatik itsas zabalera irten bezain laster. Makina bat aldiz esan ditek, baina ez duk ikasten, antza denez: ez haiz itsasgizona; itsasotik 400 m eskasera jaioa izanagatik, lehorrera begira bizi zen familia batean jaio hintzen. Itzulerako bidaia ez duk samurragoa izan: uhartetik abiatzerako euri jasa gupidagabea hasi dik, trumoia isildu gabe, itsasoa gero eta haserreago bere handian. Beste ordu eta erdi luze bat.

Beldurgarria, zinez. Harantzakoan baleei eta izurdeei begira egon zarete, bertatik bertara, eta batzuen eta besteen murgil eta jauzi ustekabekoak argazkiratzeko zailtasunak egiaztatu dituzue. Itzultzean ere han zebiltzaan izurdeak, lehen bezain airos saltoka, uhin tontortuen gainetik, baina txalupako inork ez dik kamera ateratzeko zirkinik egin, nork bere buruari eustearekin nahikoa zenuten. Ipurtzuloraino bustita hondartzaratu zarete, kostan ateri zegoan dagoeneko. Eta biharamunean, gorputza bezperan maratoi bikoitza egin izan bahu bezala sumatu duk, jaiki haizenean.

 

Galderak

Zuhurtziarik eza, ausarkeria… halakorik ba al da aurreko horietan? Bizitzarik ba ote da arriskurik hartu gabe?

 

Beldurra, ikara, izua…

Okerragoak dira beste beldur klase batzuk: bizitzari irauli bat emango dion erabakia hartu beharrak gerarazi egiten gaitu, blokeatu; diagnostiko gaizto batek etsipena dakarkigu, heriotzaren aurrean paratzen gaitu; ilea lazterainoko izu egoerak ere badira, esfinterren kontrola galtzeraino eraman gaitzaketenak ere bai. Beldurra sentitzen dugu –benetako zein ustezko– arrisku ororen aurrean, zerbait galtzeko –bizia, finean– edozein mehatxuren aurrean. Blokeatzen ez bagaitu, bi aukera izan ohi ditugu: aurre egin edo ihes egin. Animalia guztiok sentitzen dugu beldurra; defentsa mekanismoa omen da, funtsean.

Adinak ere badu zerikusirik, antza, beldurra sentitzeko edo ez sentitzeko moduarekin. Beldurrezko erantzuna garuneko amigdalan sortzen da, hala diote adituek. Zahartzearekin batera amigdala hori txikitu egiten omen da, eta era berean txikitzen omen da garuneko kortex frontala ere, besteen asmoak ulertzeko ardura dukeen garunaren aldea. Horregatik, gazteak aiseago egiten dio aurre beldurrari, lehenago jasotzen baitu, nonbait, dagoeneko arriskurik ez dagoelako abisua. Zaharrak, berriz, amigdala txikitu horren mende bizi beharko du, beldurrei dagokienez.