Mendia

Fitz Roy. El Chaltén, Argentina.Oi, mendia, zer ginateke hi gabe, hortxe hago, hireganatu besterik ez, baina zein alfer gaitunan maiz, aspaldiko lagun hark zioen legez, zertarako gora gero ostera behera etortzeko!, edo Ordesatik behera zetorren beste turista ernegatu hark zioen bezala, harriak, ura, zuhaitzak, besterik ez, betiko gauza bera! Baina abiatuz gero zer-nolako plazerra, ibiliarena, nekea, bai, baina neke goxo hori, kirola egin ondoren izan ohi den neke bestelako hori, endorfinek goxatua omen, ondo sentiarazten gaituena, eta zailtasuna gainditzeak damaigun pozaren betea… Tipi-tapa, dabilenaren doinua, tipi-tapa, gorputzaren balantzari eusteko ahalegina, tipi-tapa, kalkulua, hurrengo pausoa non eta nola emango, oinak zer harri zapalduko, zein zuhaitz sustrairen gainean, zein koskatan pausatuko, tipi-tapa, aurreikusiz beti gure erasoari nola erantzungo dioten harri koskor, zain eta koska horiek, ustekabekoei aurre eginez ez erortzeko, kontuz irrist egin, tipi-tapa, motxilak dagien presioa bizkarrean sentituz, oinetakoekin bezala harekin ere bat eginez, eta harkaitzen gaineko leku zailetan, eskuak ere hanka, gorputza atezuan, hirekin besarkaturik… Beti hor helburua, gu baino gorago, burgoi, eta haraxe heldu arteko onik ez, kosta ahala kosta heldu nahi, Heriori itzuri ezinik batzuetan, eta iritsitakoan saria, askotan, ez beti, edertasuna, inongo artistak lor ez dezakeen gisakoa, gailur harroak, horma tenteak, aintzira lasaiak, ur jauzi alaiak, izotz eta elur dotore, betierekoak, erreka jostalariak, beroa, hotza, haizea, euria, lainoa, trumoia… Egunsentiak urrez janzten hau, eguerdiak zilarrez, iluntzeak urregorriz, zuriz neguak, kolorez larrazkenak, berde anitzez bedatseak… Nola ez ulertu jainkotu zaituztetela, zaituztegula, zuen handiak, zuen isilak, zuen ahalak ez din, ez zinan beste hautarik uzten, andetarren apuak, edo munduko beste hainbat lekutakoak, Ekialde Urrunean zein Amerika kolonaurrekoan, Egipton nahiz Grezian, Himalaian, eta gurean Hernio, edo Gorbeia, Mariren bizitoki… Jainko-jainkosak denak, mendiak, Mendia, oi Mendia, gure gainetik betiere, jaun, jabe, zeruranzko hurbilbide.

Oharra: Argentinan sartu denetik, B mendi aldean dabil. Barilochen aurrena, Calafaten gero, eta El Chaltén-en azken egunotan, Chaltén (edo Fitz Roy) eta Cerro Torre mendi ederren inguruetan (goiko argazkian ikusten den tontorrik garaiena, hain zuzen, Chaltén da, egunsentian). Hurrengo egunetan, berriz, Txilera joko du berriz, Torres del Paine-ko Parke Nazionalera, mendian ibiltzera, han ere. Ez da harritzekoa, beraz, egun osoan gora eta behera ibili eta gero, goiko testua bezalakoak sortzea…