Euskara eta sexua, saretik ihes

Joan den astean Arte al agua dokumental interesgarria ikustera joan nintzen, zinemara.

XVI. mendean jada (edo, ikertzaile batzuek diotenez, lehenagotik) joaten ei ziren euskal arrantzaleak Ternuako uretaraino, balea harrapatzera. Eta bakailaotara ere bai, garaitsu beretik, antza denez. Arte al agua dokumentala bakailao arrantzari buruzkoa da, eta XX. mendearen erdi aldean Pasaiatik irteten ziren marinelen bizimodu gogorra kontatzen du, funtsean.

Utrecht-eko Itunaren ondorioz bi mendez geldirik egon ondoren, 1920ko hamarkadaren erdian ekin zitzaion ostera bakailaoaren arrantzari Euskal Herrian, eta 1950etik 1970era arte jo zuen goiena (1970eko hamarkadaren erdi aldeak, baina, arrantza modu honen nahiz Ternuako bakailao sarda izugarrien gainbehera ekarri zituen). Hemengo eta Galiziatik etorritako marinelak hirutik sei hilabetera bitarteko itsasaldietarako ontziratzen ziren Pasaiako portuan, hemengo armadoreek tresnatutako ontzietan. Filmean bikain azpimarratzen da itsasaldi haien gogortasuna, hilabete luzeak irauten zuten kanpaina haietan marinelek nozitzen zuten bizimodu inhumanoa: itsaso gaiztoa, ekaitzak, hotza, ontzietan bizirauteko baldintza eskasak (jangelarik ez, komun zulo bakarra, lotarako etzaleku gogor eta estuak…), lanaldi amaiezinak.

Bi osagai erabiltzen dira, batik bat, dokumentalean horretarako: marinelek berek hartutako irudiak (Super 8 filmak, argazkiak…) eta oraindik bizi diren protagonistei egindako elkarrizketak. Errelato intimo samarra egiten da filmean, eta horri esker lortzen du, nire ustez, ikuslea hunkitzea: lehorrean baino gehiago irabazten zelako itsasora jotzen zuten gizaseme haien lekukotza bizia ematen du, beren ametsak eta sufrimenduak nolakoak ziren azaltzen du, poz eta tristuren nondik norakoak; eta orobat islatzen dira lehorrean haien zain geratutako emazte eta seme-alabenak ere.

Nire ustez, baditu bi hutsune behintzat filmak: itsasontzi haien arraste sareen zuloren batetik ihes egin diotela zer horiek esango litzateke.

Bata euskara da: euskara ez da existitzen dokumentalean, ez bada modu folkloriko eta anekdotikoan. Marinel batzuk galiziarrak dira, baina beste batzuk euskal herritarrak, eta horietako asko euskaldunak. Zer esanik ez patroi, lemazain, motorista eta abarri bagagozkio. Bada elkarrizketa guztiak gaztelaniaz dira, eta erreferentzia gehienak espainolak.

Eta bestea sexua da; tabu, honetan ere. Lagun bati komentatuta, kontua ateratzea ur uherretan sartzea litzatekeela esan dit, eta horregatik egingo ziotela ihes gaiari zinemagileek. Arrazoi izango du, seguruenik, kontatzen den historiaren protagonista asko bizirik daude eta. Baina batere ez aipatzea ere, ez dakit, ba!

Atsedena hartzearren, marinelek oraindik Frantziaren kolonia den Saint-Pierre-ra jotzen zutela kontatzen dute, eta han egiten zuten egonaldi laburrean festa giro ederra izaten zutela ere bai: tabernak, diskotekak… Itsasontzian bertan hartutako irudi batzuen bidez ere erakusten digute zer-nolako jaia egiten zuten, ontziak beteta Euskal Herri aldera abiatzen zirelarik: ikusten dira irudi horietan gonaz jantzitako marinel batzuk dantzan, besteen algaren artean, adibidez. Baina iradokizun xume horietaz gain, deus ez, bistan da gaiak tabu izaten jarraitzen duela gure artean.

Dokumentalaren amaieran, marineletako batek dio atera dituela kontuak: 30 urte daramatza ezkondurik, eta 5 baino ez ditu egin emaztearekin; gainerako 25ak, itsasoan eman ditu. Berdin, jakina, haren emazteak: 30 urte horietatik 5 baino ez zituen egingo senarrarekin; gainerakoak, portuan. Abstinentziaren bertuteak goraipatzen ziren garaiak ziren haiek, eta bego horretan, bada.