Hemen dira amilotxak berriz ere!

Kukua oraindik ez, baina hemen da amilotxa berriz ere! Gaur goizean hor zebilen, goiz asko, beltxalearen1 adarrean ipinitako habia kaxan miaka: zurezko etxetxoa errentan hartzekotan, nonbait, iazko prezio eta baldintzetan šŸ™‚ . Espero gustukoa bilatzea aurten ere, eta bertan goxo egitea ugaltze sasoian behintzat.

Amilotx urdina da (Cyanistes caeruleus edo Parus caeruleus:Ā ornitologoakĀ ez dira ados jartzen, antza, txori klase horri eman beharreko izen zientifikoaz), zehatz esateko, habiatzat beheko argazkietan ageri den kaxa hartu zuena iaz, eta bera –edo bera bezalakoa– itzuli da oraingoan ere.

Txantxangorria baino txikiagoa, 11-12 cm luze da, eta 17-18 hartzen ditu hegoak zabalik jarrita. Kolore bizi eta ederreko txoria da, bularraldeko horiagatik eta buru-isatsetako urdinagatik, batik bat. Intsektuak eta armiarmak jaten ditu, eta bai haziak, fruituak eta baiak ere.

Habiak apirilaren erditik maiatzaren erdi aldera egin ohi ditu emeak, basoko zuhaitz eta harkaitzetako pitzadura eta zuloetan; lorategietan ere bai, zulodun kaxa egokiak aurkituz gero. Errutea apiril bukaeran izan ohi da: egunean arrautza bana jartzen du, 10 edo 11 jarri arte. Arrautza guztien artean emearen pisuaren % 150 izatera irits daitezke. Inkubazioaz emea arduratzen da –13-15 egun izaten dira–, eta tarte horretan arrak ekartzen dio jatena emeari. Txitak bi gurasoek elikatuko dituzte gero, eta 18-20 egunera aterako dira habiatik.

Amilotx urdina hiru urtez bizi ohi da, batez beste, bederatzi urtekorik ere aurkitu izan bada ere. Inguru honetan dabiltzanak ez dira oso urrutira joaten, baina harrapatu izan dituzte Europa erdialdetik eta Eskandinaviatik etorritakoak ere. Lurraldekoiak dira; eta monogamoak, baina ez erabat. Neguan, maiz, beste espezie batzuetako txoriekin taldekatzen dira –kaskabeltzekin eta beste amilotx mota batzuekin, esaterako–, harrapariengandik –urubia, hontza…– hobeto babestearren.

 

Goiko argazki horiek iazkoak dira –juxtuan harrapatu nituen, irudi horiek lortu eta gero ez bainituen gehiago ikusi: familia txangoa prestatzen ari ziren, nonbait, aurreko egunetan ere ikusiak nituen kumeak hegan–. Aurten ez dut betarik izan oraindik harrapatzeko, baina eroriko dira: kamera tripodean daukat dagoeneko, tiratzeko prest!

Oharra: Blogoeta hau idazteko informazio gehiena Wikipediatik eta liburu honetatik hartu dut:Ā Ireland’s Garden Birds, O. O’Sullivan & J. Wilson. The Collins Press: Cork, 2017.

  1. Binorri edo arbustu arrunta: LigustrumĀ vulgare