Aleutak

Alaskaren mapari erreparatuz gero, mendebalderantz hedatzen den isats moduko luze bat ikusten da: Aleutiar Uharteak dira (aleutieraz Tanam Unangaa, aleuten lurraldea), Alaskari izena ematen dion Alaskako Penintsulari segida emanez –eta 69 ale txikiz osatutako arrosario baten tankeran– Bering Itsasoa Ozeano Baretik bereizten dutenak.

Aleutiar Uharteak (ilunago, mapan)
Aleutiar Uharteak (ilunago, mapan) [Iturria: Wikipedia]
Uharte horiek gehienak Alaskaren parte dira egun, eta, beraz, AEBren administraziopean daude. Hala ere, isatsaren mendebaldeko muturrean dauden aleak –Vitus Bering komandante daniarraren ohoretan Komandante edo Komandorsk Uharteak deituak (ez dira goiko mapan ageri)– Errusiako Kamtxatka kraiaren (mugako lurraldearen) barnean daude.

Aleutiarretan aleut herria bizi da, aleutak. Duela 4.000-6.000 urte bertakotuak –Asia aldetik egondako migrazio berantiar batean, antza– , artxipelago honetako klima hotz eta umelean bizitzen laketu ziren. Ehiza, arrantza eta baia bilketatik ateratzen zuten bizimodua… errusiarrak eta mendebaldeko europarrak iristen hasi ziren arte behintzat. XVIII. mendearen amaieran kolonizazio prozesuok gauzatzen hasi zirenetik, berriz, aleuten historiak eta Amerika osoko beste hainbat herrirenak antz handia dute: zatiketa; sarraskiak; gaixotasun ezezagunak eta haien aurkako defentsarik eza; biztanleriaren gutxitzea (kanpotiko eraginaren aurretik 25.000 laguneko populazioa zena % 90ean murriztua zen XX. mende hasierarako); finkatuta zeuden gizarte, kultura eta bizimodu batzuen akabera eta suntsitzea. Gaur egungo argazkia ere, beraz, beste askorenaren antzekoa da oso: herri gutxietsi bat, kasu honetan bi nazio estatu erraldoik irentsia, bere izatea menosturik eta bere hizkuntza ia erabat galdua duena. Egun, 12.000 aleut inguru bizi omen dira (lehen errusiar misiolariak iritsi zirenean zegoen populazioaren erdia baino gutxiago), eta horietatik 150ek baino ez omen du galtzeko arrisku bizian den aleutieraz hitz egiten (5ek besterik ez Errusiaren menpeko uharteetan).

Hogeigarren mendeko historiatik ere bada zer kontatua aleutei buruz, ez da-eta oso ezaguna. Aleutei gerraren bihotzean egotea suertatu zitzaien Bigarren Mundu Gerran: japoniarrak Attu eta Kiska uharteetan sartu ziren 1942ko ekainaren 7an, hiru egun lehenago Amaknak uharteko Dutch Harbor bonbardatu eta gero. Attu uhartean 42 aleut atxilotu, eta Japoniara deportatu zituzten (han eduki zituzten gerra amaitu arte, eta bertan hil ziren erdia baino gehiago). Estatubatuar militarren erreakzioa, berriz, berehalakoa izan zen: Aleutiar Uharteetako eta haien ipar aldean dauden Pribilof Uharteetako ia 900 aleut behartu zituzten beren etxeak eta zituzten guztiak bertan utzi eta lekuak hustera, puskak biltzeko betarik ere eman gabe. Zenbait kasutan –Atka-n esaterako, japoniarrek une batetik bestera herria inbadi zezaketen beldur zirenez–, herriak erre eta suntsitu egin zituzten militarrek; beste batzuetan, berriz, aziendak-eta akabatu ondoren, etxeak, elizak eta bestelako eraikinak okupatu zituzten, eta gerra amaitu arte geratu ziren bertan.

Pribilof Uharteetako biztanleen ebakuazioa, 1942an.
Pribilof Uharteetako biztanleen ebakuazioa, 1942an. [Iturria: National Archives, General Records of the Department of the Navy]
Bortxaz erbesteratu zituzten aleut haien historia iluna eta tristea da. Japoniara gerrako presoner eramandakoen zortea ez zen ona izan, baina Alaskako hego ekialdeko esparruetara –edo kontserba fabrika abandonatuetara, hala izan baitzen kasu askotan– lekualdatu zituzten pertsonena ez zen hobea izan. Hotza, gaixotasunak, elikadura txarra, osasun arreta eskasa… bizi baldintza penagarriak, azken batean, nozitu behar izan zituzten gizon, emakume eta haur haiek guztiek; egoera hori ia hiru urtez luzatu zen, gainera, kasu gehienetan.

Aipagarria da 1943ko udaberrian Pribilofetako gizonezkoei –gizonezkoei soilik– beren herrietara itzultzeko baimena eman zietela: larrutarako itsas txakurrak ehizatzen trebeak izaki, gobernuak haien premia izan zuen eta ekarrarazi egin zituen erbestetik. Harrapatutako itsas txakurren larrua aireko armadako pilotuentzako jakak eta kaskoak egiteko erabiliko zen aitzakian, “borondatez” lan egitera behartu zituzten, ukatuz gero aleutek beren etxeetara sekula ez zutela itzultzerik izango mehatxupean. Udako ehiza sasoi bakar batean 125.000 itsas txakur harrapatu zituzten, Pribilof Uharte txikietako kostaldean. Uharte horietako aleuten esklabotza historia hau osatzeko, esan dezagun badagoela aurrekaririk eta askoz gehiago kontatzeko; Bigarren Mundu Gerrako pasadizo honek askoz lehenagotik zetorren zerbait azalarazi baino ez baitzuen egin, nonbait, AEBko Gobernuaren eta ipar Amerikako jatorrizko biztanleen arteko historiaren beste kapitulu ilun bat argitara ekarriz.

Guztira 100 aleut baino gehiago hil ziren erbestean, eta itzuli zirenek beren herriak suntsituta aurkitu zituzten. Urte askotan, gero, isildu egin ziren, hiritar estatubatuarrak izanik AEBko “beren” gobernuak emandako tratu ankerra ulertu ezinik. Jasandako tratua eta umiliazioa eraman ezinda, beren seme-alabei ere ozta kontatu omen zieten gertatutakoa. Laurogeiko hamarkadan, baina, mugitzen hasi ziren, eta lortu zuten Estatu Batuetako gobernuak nolabait aitortzea egindako kaltea. AEBko Kongresuak 1988an onartu zuen Aleut Restitution Act izeneko legea, zeinen bidez artean bizi ziren aleutei eman beharreko kalte-ordainak finkatu baitziren: artean bizi zen aleut bakoitzari (erdia baino gehiago hilak ziren, noski, beren herrietara itzuli zirenetik ia 44 urte geroago) 12.000 dolar; Aleut Corporation elkarteari 15 milioi dolar Attu uharterako; eta Aleutian-Pribilof Restitution Trust delakoari beste 5 milioi, hondatutako elizak konpontzen laguntzeko. Hala ere, 2017ra arte ez omen zen etorri gobernuaren aitortza, non barkamena eskatu baitzitzaien formalki aleutei, erbesteratzeagatik beragatik eta erbestean emandako tratu inhumanoagatik (honetaz, baina, ez dut erreferentzia asko aurkitu, Wikipedian egiten zaion aipamena izan ezik).

Aleuten erbesteratze honekin batera japoniar jatorriko 110.000 estatubatuarrek ere jasan zuten antzeko paraderoa, gerra garaian Estatuaren etsai izan zitezkeelako aitzakian atxilotu eta esparruetan itxi baitzituzten, Alaskan nahiz AEBko beste zenbait estatutan. Bi historia hauen artean bada zer komunik, inondik ere: aleutak gerran japoniarrengandik babesteko aitzakian, eta jatorri japoniarreko estatubatuarrak Estatuaren etsaiaren aldeko izan zitezkeelako susmopean, kontua da bi kasuotan estatubatuar zuri kristau1 anglosaxoi ez bestelakoak izan zirela atxilotuak, deportatuak eta bidegabe erabiliak. Gizartean, maiz, arrotzaren, bestelakoaren, desberdinaren… bestearen aurrean, finean, izan ohi den jokabidearen beste adibide bat baino ez.

  1. Aleut gehienak kristautuak ziren, baina, ordurako: XVIII. mendearen amaieran heldutako errusiar misiolari ortodoxoek burutua zuten beren lana.