Argazki liburua: Lanzarote

Lanzarote beltza, suzkoa, koloretsua… Afrikan, ozeanoaren erdian. Hondartzak, itsasoa, zerua; haizea, paisaia etengabe eraldatzen duen haizea; Geriako lur beltzeko mahastiak arratseko argiaren kontrastepean; Timanfayako lur goriak, oraino ketan; etxeen zuria, labaz estalitako malpaís-eko itsasargi; kaktusak eta harkaitz bolkanikoen testura latzak; uharteari César Manriquek emandako eite desberdina; Saramagoren lantokia; Punta Mujeres-eko emakumeak kirolean, gizona arrantzan denbora-pasa… Lanzarote fotogenikoa, hegoaldeko Islandia txikia Atlantiko epelagoan.

Joan den apirilean uharte eder horretan egindako egonaldi laburretik argazki mordo batekin itzuli nintzen, eta horietako batzuekin liburu bat autoeditatu dut, Blurb-en: 33 x 28 cm, 84 orrialde, azal lodia, 148 g/m²-ko paper iztukatugabean inprimatua1. Irudiak disko gogorreko espetxetik argitara ateratzeko modu bat, argazkiek paperean duten xarma gaindiezina dastatzeko aukera eskaintzen duena.

Lanzarote, argazki liburua (azala)

Hor duzu liburuaren azala; gainean klik eginda, orrialdeetan zeharko ikustaldia egin ahal izango duzu, eta pantaila osoan nahi izanez gero (horretarako, egin klik hasi aurretik liburuaren irudiaren gaineko ikono txikian). Ea gustuko duzun.

  1. Liburua ez dago salgai, Blurb-en webgunean ageri den prezioa kostaprezioa da.