Biblia oraindik, Amerika beti

Amerikara bidean haiz beste behin. Kubarantz, oraingoan ere. Eta gogora etorri zaik nola hasi hintzen, duela 20 urte baino gehiago, gerora argitaratuko huen lehen-lehen narrazioaren testua zirriborratzen, Kubara Ternuan barrena hinderaman hegazkinean bertan. Gaur ere, hegazkinaren burrundarapean ekin diok blogoeta honi, amaiera ematerako dagoeneko uhartean izango bahaiz ere (eta ongi, gainera, argitaratzea ederki kosta baitzaik, ederki kosta zaianez: Internet gabe ezin bizi garela jarrita gaudek, eta komeriak falta zaigunean!).

Orduan bezala, oraingoan ere badaramak zerbait motxilan, idaztera bultzatzen hauena. Bai baitaramatzak egun batzuk, blogoetara ekarri duan argazki honen lehen ikustaldiak kolpatu hinduenetik, hain zuzen, irudia burutik kendu ezinik, haintxe duk esanguratsua.

Áñez La Paz-eko Gobernu Jauregian sartzen

Emakume hori –ez ote dio amorruak irribarrea kamusten argazkian?–, emakume azalzuri eta ilehori hori, bibliatzar astuna eskuetan, ezen laguntza ere behar duen eutsiko badio, arma baten gisan mehatxari (a por ellos-ka, inondik ere)… Emakume hori, La Paz-eko gobernuaren egoitzan sartzen, garaile eta harro… Horrexek hauka aztoratuta ikusi huenetik, begiz jo orduko aise asmatzen baita zer datorkeen gero, zer dakarkeen emakume horrek Biblia handi eta zatar horren azpian; handik hona Bolivian gertatzen ari direnak begi bistan uzten ari diren bezala.

Ezin duk burutik kendu, ez, argazkiak bikain jasotzen baitu Amerikaren azken mendeetako patu hitsaren historia; eta begitantzen zaik argazki hori Amerikako jatorrizko herrien patu tristearen irudi ikaragarria dela, hamabosgarren mendearen amaieratik hona herri horiek –hauek… hemen, Kuban, ia denak akabatu zituzten arren– jasan duten zapalketa ilustratzen duena. Galeanok ederki adierazi zian (lehen ere ekarria duk blogera pasarte hau):

Heldu ziren.

Haiek Biblia zeukaten
eta guk lurra.
Eta esan ziguten:
“Itxi begiak eta egin otoi.”

Eta begiak zabaldu genituelarik,
haiek zeukaten lurra
eta guk Biblia.

Etorri zituan espainolak, eta portugesak, eta ingelesak… eta euskaldunak –hor zebilek orain ere Lizárraga (sic) izeneko bat, Komunikazioetako Ministro gobernu berrian; bere burua presidente izendatu duenaren Áñez deitura bera ere Aiara aldetik omen zetorrek–, eta Biblia inposatu zietean. Hogeigarren mendean, berriz, iparralde aberatsetik etorri zitzaizkiean beste batzuk, eta horiek ere Bibliarekin limurtu nahi izan zitiztean. Eta hortxe zetozak berriro konkistan Áñez-eta, ebatsitako lurrak berreskuratzearren herritarrek egindako ahaleginik xumeenaren aurka oldarrean.

Bolivian azken urteetako evoluzioari1 zor zaion aurreramenduak –politika sozialetan, alfabetatzearen arloan, hizkuntza gaietan, Estatuaren barruan bizi diren nazio eta herrien onarpenean…– arriskuan jar bailitzake lehen mailakoek konkistaren garaitik duten nagusitasuna, bigarren mailakoen gainetik dituzten pribilegioak; eta prebenda horiek galtzea asko galtzea lukek. Izan ere, galera horren ikara, beldur ziotek txiroari eta esklaboari, beldur ziotek jabegoaren aurkari den antolamendu komunalari, beldur ziotek alfabetatuari, beldur ziotek indioari eta beltzari… beldur ziotek Besteari.

Madrilgo aireportuan Guayasamín ekuadortarraren horma irudi ederra zegok, T4-ko satelitera eramaten hauen tren automatikoaren nasan: atal batean konkistaren garaia irudikatzen dik, eta, batzuek bi kulturen –eta odolen– arteko zubitzat saldu nahi diguten arren (ez ditik, agian, oso esplizitu egiten Bartolomé de las Casas-ek bere kroniketan kontatutako izugarrikeriak), izkina batean ageri den esaldi laburrak zer pentsa ematen dik, handik pasatzen haizen bakoitzean –joan den igandean azkenekoz–: “Tristetu dezagun alaitasuna, esan zuten”. Konkista garaikoa behar dik testuak (maien poema batetik aterea omen), inondik ere: tripetan sentitu zikean idazleak, hain ondo adierazteko .

  1. Hitzaren ortografia adierazgarria Garabideko Txema Abarrategiri ikasi diot, Boliviako egoeraz joan den larunbateko Berrian idatzi zuen artikulu gogoangarrian