Heriotza, eufemismoak eta “fideltasuna”

Beti pentsatu izan duk handia zatekeela Santiagon suertatzea Fidel Castro hilko zen egunean; baina gertatu zenean hurbilago hintzen Txileko Santiagotik Kubakotik baino, eta ezin izan hituen egun horiek herrialde honetan bizi izan. Baina gauzak zer diren: oraingoan Santiagon lur hartu dualarik, liderraren heriotzatik hiru urte bete diren egun berean izan duk, azaroaren 25ean hain juxtu. Eta atzo, haren errautsak lurperatu zituzteneko urteurrena zela-eta, jende andana –milaka pertsona– joan zuan hiri honetako Iraultzaren Plazatik Santa Ifigeniaren hilerriraino goizean goiz, haren omenezko martxan (loreak eskuan, asko eta asko); urtero, abenduaren 4arekin, tradizio bihurtzekotan den ohitura, antza denez.

Abenduak 4: Jendetza Santiagoko hilerri aurretik pasatzen, Fidelen omenez.
Abenduak 4: Jendetza Santiagoko hilerri aurretik pasatzen, Fidelen omenez.

Aurten, Santiagora iritsi berritan, esku artean erabili hituen hemengo egunkariak —Trabajadores, Granma eta Juventud Rebelde— eta telebista programaren bat edo beste ere ikusteko beta hartu huen. Kontu batek eman zian atentzioa: Fidel ez duk hil.

Heriotzari buruz mintzatzen garenean, ohikoak dira eufemismoak: joan da, utzi gaitu, bukatu du… Heriotza bere izenez aipatzeak beldurra emango baligu bezala, pertsona bat hil egin dela esatea baino nahiago izaten dugu beste aditz edo espresioren bat baliatu. Ingelesez, to pass away esango dute: kanpora, urrunera joan, pasatu; frantsesez, berriz, rejoindre les étoiles: izarrengana bildu, haiekin elkartu; edo disparaître: desagertu; edo ne plus être: ez gehiago izan… Eta antzera beste kultura askotan, gure ingurukoetan behintzat.

Fidelen kasua ez da, noski, edozeinen kasua, pertsona eta pertsonaia publiko batez ari gara, eta Kuban –eta mundu osoan, esango nuke– hogeigarren mendeko historian garrantzi aparta izan duen pertsona eta pertsonaia da; askok eta askok maitatua, beste batzuek gorrotatua. Eta hil delarik (2016ko azaroan hil zen), hari buruz hitz egiteko moduak –hitz egiteko modu “ofizialak” behintzat– eufemismoen lurralde leun(ago) eta zeharkakora garamatza kasu honetan ere. Hil eta heriotza hitzak ez dira batere erabili urteurrenaren inguruko egunkari, telebista eta abarretan hari buruz egin diren artikulu eta bestelako aipuetan. Muerte gabe, desaparición física eta partida física, horiexek dira gehien zabaldu diren bi terminoak, termino “ofizialak”, Fidelen heriotza aipatzeko. Alde egin zuen, fisikoki joan zen… baina hemen dago oraindik.

Arto ale bat irudikatzen duen harria, Fidel Castroren hilobi.
Arto ale bat irudikatzen duen harria, Fidel Castroren hilobi.

Fidel ez da hil. Fidel bizi, bizi da, eta orainaldian ekartzen dute gogora: Vive, sigue teniendo, sobrevive… Continúas iluminando, alumbras el sueño, regresas para contarnos… Simiente eterna, presente en la conciencia y el corazón, sigue teniendo la capacidad de revelar caminos…