Letreiatzen hasita

Euskaraz ari garela, nora jotzen dugu hitzen bat –edo letra multzo bat, besterik gabe– letraz letra esan beharra tokatzen baldin bazaigu? Lehengo batean, autoaren matrikula eman behar nuen telefonoz, eta azken hiru letrak esandakoan hariaren beste aldekoak errepikatu egin zizkidan, ondo jasoak zituela egiaztatzeko: H, Huescarena, Uve bikoitza, Z, Zaragozarena. Ez zen oso urrutira joan, egia esan, nire mintzakidea, eta, Ebrotik hegoaldera igaro ez bazen ere, argi dago haren erreferentziek zein bide hartu zuten (matrikulan M bat egon izan balitz, berriz, ez dago duda handirik ez zuela Maulerantz joko, ondotxo baitakigu zer etorriko zitzaion burura lehenengo).

Ingelesezko munduan askoz gehiago esaten dira izenak-eta letraz letra, guk baino dezente ohitura handiagoa dute letreiatze kontuan; ohiturak, jakina, erraztasuna ematen du, eta anglosaxoiei berehala etortzen zaizkie burura hitzik egokienak. Hitz horiek beti berak izan ohi dira, gainera; horretarako dituzte beren letreiatze alfabetoak, buruan ongi txertatuak, eskolan-eta ikasten dituztenak.

Egia da gure hizkuntzan, duen sistema fonetikoagatik-edo, ez dugula gehienetan halako zailtasunik hitzak entzun eta argi eta garbi bereizteko –premia hori, halere, handiagotu egiten da telefonoz ari garenean, noski, edota beste hizkuntzaren bateko hitzak ahoskatzen ditugunean–, baina kasu batzuetan gertatzen da hitzak –edo letra multzoak: siglak, adibidez– letraz letra esan beharra, letrok xuxen jasotzea garrantzizkoa denean batez ere. Interneten bila ibili naiz, baina ez dut aurkitu euskaraz letreiatzeko alfabetorik (egon behar du, hala esango nuke, baina nik ez dut aurkitu: baten batek halakorik ezagutzen badu, adieraz diezadala, mesedez). Bestalde, Wikipediako Spelling alphabet ingelesezko artikuluak ez du euskarazko baliokiderik. Espainolez eta frantsesez, ordea, artikuluok Alfabeto por palabras eta Alphabet radio dira, hurrenez hurren, eta bertan ematen dituzte bai espainolez eta bai frantsesez letreiatzeko alfabetoak; honelako itxura dute: Antonio, Burgos, Carmen, Dolores, España… espainolezkoak, eta Anatole, Berthe, Célestin, Désiré, Eugène… frantsesezkoak (erabat pertsona izenez osatua, bidenabar esanda). Ingelesez, berriz, ezaguna da oso Alpha, Bravo, Charlie, Delta… delakoa, oker ez banago jatorri militarra duena, baina badira beste estandar batzuk ere.

Ez dakit jende guztiari gertatzen zaion, baina, niri behintzat, halakorik egin beharra suertatzen zaidanean, burua derrepente hustu egiten zait, eta munduan batere lekurik –edo hizkuntzan batere hitzik– ez balego bezala geratzen naiz maiz, hitzak eskuratu ezinik, mutu. Eta pentsatzen dut ez legokeela batere gaizki geuk ere halako alfabeto bat izatea, letraz letra bidaiatzen hasten garenean txoko ezagun eta erosoetan barrena mugitu ahal izateko besterik ez bada.

Hona, bada, proposamen bat, euskaraz letreiatzeko. Leku izenez osatua, batik bat –ez, ordea, erabat, salbuespenen bat edo beste badira–; buruz ikasteko zaila irudituz gero, berriz, beti dago aukera txuleta batean kopiatu eta mugikorrarekin batera eramateko.

A, Arabarena; B, Baionarena; C, Cáceres; Donostia; Euskara; Fitero; Gasteiz; Hernani; Iruñea; Jamaika; Kilo; Lapurdi; Maule; Nafarroa; Ñu; Ondarroa; Paris; Quebec; Ruanda; Santurtzi; Tafalla; Urkiola; Venezia; Washington; Xabier; Yemen; eta Z, Zuberoarena.

Esango didazue zer iruditzen zaizuen. Urte berri on denoi!