Birusa

Emakumea bila joan zaio aireportura, andrea ez zuela zain izango eta. Hilabete elkar ikusi gabe, errepide bazter batean geratu dira, beste askotan bezala. Etxera iritsitakoan, COVID-19 ditxosozkoa zuen hizpide bakar senarrak, Txinan hildakoak dagoeneko hiru mila inguru direla, mundu osora zabaltzen ari dela koronabirus gaiztoa: Italiara ere sartu omen da…, ez al zebilen han zure lankide hori?

Hegazkin konpainiakoen deia jaso eta berehala igorri dio mezua, mugikorretik: Zre izn re emn bhr izn dt, mtia, snttzn dt :-< Errmtk itzli ta gro nrkn egn nzen gldtu ddte, anlsiak egn bhrko dtzu zk re… :-*. Zazpiak Batman kolektiboak ateratako hiztegitxo haren bertsio propioa baliatzen dute oraindik ere elkarri whatsappak idazteko, ez da gaur goizekoa haien artekoa.