Tiraderako egitasmoak

Apirilaren lapurrez mintzatu zen poeta,
apirila ebatsi zietela zioten kantako pertsonaiek,
bihotzarekin batera tiraderan gorderik zuten hila
ebatsi zietela.

Apirila ebatsi digutela zioen askok joan den hilean.
Martxoaren erdia ere ostu ziguten,
bide beretik doa maiatza.

Kontua ez da, baina, maiatzean maiatza ebasten digutela.
Maiatzean, ekaina ere ebasten ari zaizkigu,
eta ekainean uztaila izango da,
eta udan udazkena,
eta aurten geurtza…

Aspaldi ikasia genuen etorkizuna ez dela existitzen,
ez uzteko geroko oraineko gereziak.
Baina orainean irudikatzen bide dugu etorkizuna,
orainean pentsatu ohi dugu gerorako zer nahi dugun.
Eta planak egitea bagenuen behintzat, orain arte.
Orain ez dugu.

Trena hartzen dugularik, ezin dugu ziurtatu inora iritsiko dela,
baina izan, badu helmuga bat.
Orain, trenik ere ez dago geltoki mortu honetan.

Hilak, egitasmoak, planak, helmugak…
ebatsi dizkigute,
bihotzeko tiraderan gorderik genituen egitasmoak.

Eta lapurra, birus bat ote da?
Beldurra ote da, egitasmook
ezerezean urtzen ari dena?