Arazeli eta Monika

Arazeli eta Monika.

Euskadi Irratia ez da isildu egun osoan, orduero eman digu bi emakume horien berri, bien izenak aipatuz ekin die albistegiei: bata laurogei eta hamasei urtekoa, berrogei eta zortzikoa bestea; bata zaharren egoitza bateko egoiliarra, erizain-laguntzailea bestea; batak lasai ederrean hartu omen du, urduriago omen zegoen bestea. Eta ez omen dute ezer sentitu, bakean geratu omen dira hartu eta gero: horixe garrantzitsuena, denok ere bakean gera gaitezen. Txaloak. Gure telebistetan ere ez ziren oso bestela ibiliko, antzera jardungo zuten egun osoan, epika pixka batez –eta, beharbada, egokierarako propio egindako orrazkera apainen batez– onduz bestela geza antza litzatekeen albistea. Igandea betetzeko modua; edo.

Gero aipatu dizkigute orobat Euskal Erdiko probintzietako gaurko protagonistak ere, eta aukera eman digute haien ahotik ere entzuteko –kirolari batzuenetik nola– zelan sentitu diren, zer sentsazio izan dituzten, zerbait nabaritu duten, bolada txarra amaitu eta partida irabazteko aukerarik ikusten ote zuten. Txaloak.

Jingjingek edo Lik ere hartua dukete dagoeneko, edo Anastasiak eta Irinak, edo… Baina haien berri ez digu emango gure irratiak, urruneko eta arrotz egingo zaizkio, nonbait; eta fidagarriak ere ez, akaso, aieka haietatik datozkeen zientzia kontuak. Txalorik ez.

Guadalajarako Los Olmos-eko zaharren egoitzakoa, aldiz, bai, oso etxeko albistetzat eman digute Euskadi Irratikoek –nazio ikuspegia!–, herri hori “Itxaropenaren Hiriburu Nazional” deitzera oraindik ausartu ez badira ere (“gure” El Correo-tik hartua da deitura, ez pentsa asmatua denik, ez dut nik halako irudimenik). Izan ere, Arazeli eta Monika, Arazeli eta Monika gabe Araceli (sic) eta Mónica (sic) baitziren, eta Los Olmos-eko egoitza hori, zera, Espainian, Guardia Zibilaren zaintzapean gauez nola garraiatzen zuten erakutsi ondoren, piperpotoaren koloreaz apainduriko banderilla parea jartzeko aukeratutako antzeztokia.