Inoizko daturik onenak: 0 positibo

– Euskadi Irratia?
– Bai, esan.
– Albistegien arduradunarekin hitz egin nahi nuke, nire “tokaiarekin”.
– Oraintxe jarriko zaitut berarekin.
– …
– Bai, nor da?
– Entzule bat, hire tokaia naun… Begira, ohartxo bat egin nahi ninake, asteburuero (baina ez asteburuetan bakarrik, egia esan) eguerdiko albistegiak hasteko duzuen modua dela eta.
– A bai, zer bada?
– Ba hara! Aspaldiko daturik onenak direla esanez hasten zarete beti. Gaur bertan, koronabirusak arnasa pixka bat eman digula esanez ekin diozue, azken egun hauetako kutsatu kopururik txikiena atzeman dela EAEn, 613 kasu berri baino ez.
– Eta?
– Ba hori esatea eta zakurraren putza, upel berekoak, neska! Nahi badun, erakutsiko dinat nik datorren larunbatean 0 kasu izan direla esateko sistema bat, inoizko daturik onenak izan direla esanez hasiko zarete. Nahi dun?
– …
– Orduan bai hartuko genukeela arnasa lasai, ez al zain iruditzen?
– Zero kasu? Bai, e? Eta nola da, ba, hire sistema hori?
– Ba hara: egin behar duzuen gauza bakarra dun bezperan Osakidetzara deitzea, eta hango arduradunei eskatu biharamunean batere probarik ez egiteko, ez PCR-rik ez bestelakorik. Hartara, kito positiboak! Zero izango ditun, izan ziur. Pentsa zer-nolako ahalbistea larunbateko Goizak gaur-i ekiteko!
– Aizan, aizan, positibotasun-tasa ere aipatzen dinagu, e!
– Batzuetan, batzuetan! Egia dun, batzuetan hori ere aipatzen duzue, baina ez sistematikoki; eta beti gero, ez hasieran. Eta, barkatuko didan, baina albistea, izatekotan, tasa hori dun, ez zenbat kasu berri agertu diren.
– Gure moduak ditun…
– Horixe, zuen moduak izango ditun, bai! Gaur bertan, adibidez, aipatu, aipatu duzue (gero) ditxosozko positibotasun tasa; eta 5,5ekoa dela esan duzue, gainera, batere lotsarik gabe.
– Zergatik dion hori?
– Ba positibotasun tasa hori atzokoa baino okerragoa delako, ez hobea… Arnasa ematekotan, beste hauspo batzuk beharko ditinagu, tokaia!
– …

[Eta horrela! Blogariak jada ez daki zer pentsatu: nahi gabe egiten duten, ez direlako ohartu ere egiten, edo beste zerbait dagoen hor, eskapatzen zaiona. Ideiarik inork?]