Solstizio arteko bidaia Booktegin argitaratua

Blog honen jatorria 2016an autoreak Ameriketan barrena egindako bidaia batean dago; hain zuzen ere, sei hilabete iraun zuen bidaia hartako kontuak biltzen ziren, hasiera batean, blogoeta hauetan. Orain, bidaia harekin zerikusia duten blog sarrera guztiak dokumentu bakar batean bildu ditugu eta Booktegiren eskutik —eta hari esker— argitaratu: Solstiziotik solstiziora, Ameriketan zehar. Bidaia oharrak.

SS2016_Booktegi_azalaGoiko irudi horren gainean klik egin eta Booktegiren gunetik zuzenean jaisteko aukera izango duzu, doan: 340 orrialde; ia 150 argazki liburuan bertan (koloretan edota zuri-beltzean), gehi askoz gehiago ikusteko aukera, estekei jarraituz; testuen artean, berriz, bidaiariaren gogoetak, gertakariak eta pasadizoak, ipuinak, poema gutxi batzuk… Ternuatik Ushuaiarainoko bide luzea, hainbat testu pilula laburren bidez emana.

Sarrera batzuen ondoren iruzkinak ere ageri dira: sarrerok argitaratu zirenean blogean jasotakoak dira eta beren hartan eman dira liburuan, eta bidaiariaren eta blogaren jarraitzaile batzuen artean izandako elkarrizketaren berri ematen dutelakoan utzi dira bertan. Iruzkingile eta adiskide horiei ere eskerrak eman behar, beraz, haiek ere bai baitira, neurri batean, liburu honen egile.

Liburua hitzaurre eta guzti argitaratu da, Iñaki Alegriak, argitalpenaren zirikatzaile nagusi eta adiskideak, idatzi baitu (eskerrik asko, Iñaki, bietan segi!). Hona hemen hitzaurreko pasarte bat (propaganda pixka bat egite aldera edo 😉 ):

Ameriketara bidaia egiten duen ororentzat aldean eramateko liburua da esku artean duzun hau. Edo irakurriz bidaiatzeko aukera. Ohiko gidaliburuak bazterturik geratu diren honetan (nork behar du gidaliburu bat hotel bat bilatzeko edo herri/hiri batean orientatzeko?), halako liburuak behar ditugu bidaiatzera goazenean, eta bertan gaudenean ere. Nik hala erabili nuen 2018an egin nuen bidaian. Denbora gutxiago izan nuen, eta Argentina eta Txile baino zapaldu ez banituen ere, Amerika (ia) osoko testuingurua nuen blogoeta hauek irakurrita.

Irakurketa on!

Liburua jaisteko, egin klik hemen

Oharra: 2022-12-29tik aurrera, PDF formatuan ez ezik, ePub eta Mobi e-liburu formatuetan ere jaits daiteke.