Ur isurien muga inguruan bizikletaz (3): Murgiatik Durrumara

Bigarren eguna. Txirrindularia Murgitik irten denerako, ia hamarrak ziren gaur ere (motel, motel, goizago mugitu beharko duk bihar, iragartzen ari diren bero sapa horrek Uharte-Arakiletik gorako mortiroloan “jo eta kixkal” uztea nahi ez baduk! Eskerrak gaur, eta horrek balio dik, hemeretzi-hogei gradu dauden, giro eder askoa pedalei eragiteko).

Murgitik bi kilometrora-edo, Gasteizera doan errepidea utzi eta Gopegi aldera hartu du bizikletariak. Errepide lasaia, sekula bisitatu gabeko herrixkak eta auzoak tarteka, lagunen abizenak gogorarazten dizkiotenak batzuk: Zarate, Manurga, Gopegi, Larrinoa, Murua, Etxaguen, Gorostiza; gero, Barazarrera doan errepide nagusitik sartu da kilometro batzuetan, non, trafiko gehiago badabil ere, bazterbidea zabala den eta eroso joaten den. Ubide ezkerretara utzi eta, Barazar jo gabe, Otxandio aldera hartu du hurrena, bidegurutzean.

Otxandioko plaza lasai dago oso ordu horretan. Ez du oraindik asko berotzen, baina bertan den jendea itzaleko mahaietara dago eserita, datorkeenaren beldur edo. Zenbait etxetako leihoetan, baita udaletxeko batean ere, “Etxera” dioten banderatxoak ageri dira. Plazako iturriari darion urak burdin kolore nabarmena du, eta, “artatuta” ez dagoela dioen arren, ez dio edateko ona ez denik: txirrindulariak han osatu ditu bidoiak, burdina ere behar-beharrezkoa dugula pentsatuz.

Plazako bazter batean, Arrese Beitia’tar Felipe otxandiarraren zortzikoa irakur daiteke haren bustoaren azpian, Donostian zela idatzia: «Euskaldun jayo nintzan, euskalduna azi, euskara utsik amak eustan irakatsi. Euskara maite maite, zabiltz neugaz beti, euskara ill eskero ez dot gura bizi». Eskulturaren parean, berriz, 1936ko gerra haren oihartzuna hemen ere; herriko plaza soldadu frankistaz beterik ageri den argazki ilunaren azpian, errelato tristea: Alejandro Goicoechearen traizioa, Euzko Gudarosteak defentsarako antolatutako fronteari buruzko informazio funtsezkoa faxistei pasatu zionekoa; Jose Antonio Agirreren bisita eta erasoari eusteko eskaria, Madriletik 150 hegazkin bidaltzea lortuko zuelako aginduarekin batera; hegazkin horiek sekula iritsi ez, eta, bost egunez eutsi ondoren, amore eman behar izan zutenekoa. Hildakoak, txikizioa, sumindura; negute luzearen hasiera.

Otxandioko burdingintza (eskulturaren xehetasuna)
Otxandioko burdingintza (eskulturaren xehetasuna)

Otxandiotik irteterakoan, han aurkitu du, beste plazatxo batean, herri honetan mende luzez burdingintzak izan duen garrantziari erreferentzia egiten dion monumentua. Argazki batzuk egin eta Legutio aldera jo du berehala, berotzen hasia baita dagoeneko. Bidean zihoala, eta atzo Urduñako mendatean bezala, errepide hauetan mendeetan zehar gora eta behera ibili diren merkantzien harat-honata etorri zaio gogora bizikletariari: artilea, garia eta ardoa, batera, eta arraina eta burdina, bestera; Gaztelatik itsasora batzuk, euskal lurretatik mesetara besteak. Eta ur isurien banalerroa zeharkatzen duten bide hauetan barrena, hizkuntzen joan-etorria ere izango zela otu zaio, eta biren harat-honata baino gehiago, orduan ere haren honata izango zela indartsuena pentsatu du.

Gogoeta horietan zebilela, Legutio zeharkatu eta, berriz ere Gasteizerako bidea utzi eta ezker aldera jo du, Arabako lautadarantz eramango duen errepide txikia hartuz: Larrabea, Landa, Marieta, Ozaeta, Hermua, Larrea, Axpuru, Barria, Narbaiza, Arriola, Gordoa, Galarreta, Zalduondo… herri, herrixka eta auzoak, bide-bidean batzuk, bidetik gertu beste batzuk.

Arabako lautada
Arabako lautada

Aratz mendiaren pean den Zalduondon zuen helmuga gaur bizikletariak, baina ostatu bila ibili zenean ez zuen geratzeko lekurik topatu bertan. Beraz, zer edo zer jan, eta Durrumako1 zerbitzugunera abiatu da, hantxe baitago, gasolindegiaren ondo-ondoan, gaur gauerako aurkitu duen jatetxe-hotel-dendatzarra. Lekua ez da batere ederra, baina logelak oso txukunak dira, bertan afaltzea badago, eta, hauxe onena, goizean zazpietarako hasten dira gosariak ematen; eta hori, bihar, eskertzekoa izango da.

Gaurko ibilbidea isurialde mediterraneoan izan da erabat, 550 eta 700 m arteko altueran. Etaparen lehen partean, Gorbeia mendia izan du ezkerrean denbora guztian txirrindulariak; bukaeran, berriz, Aizkorri aldeko haitzak.

Aizkomendiko trikuharria (Egilatz)
Aizkomendiko trikuharria (Egilatz)

Aizkomendiko trikuharria, Egilatzen, bi kilometrora dago Durrumako zerbitzugune honetatik, egokia izan daiteke afaldu aurreko paseorako. Lehengoan trikuharriaren argazkia bidali zidan lagun bati esaten nion bezala, zenbat aldiz ez ote genuen ikusi autotik edo autobusetik, Gasteizera bidean, errepide nagusiaren bazterrean, Euskal Herriko trikuharririk handienetakoa omen den eta garai hartan guretzat “Dolmen de Eguilaz” izena zuen hura. Esango nuke, kasu honetan, bidetik baztertu zuen madarikatuari kargu hartzen ibili gabe, autobide berria egin eta trikuharria bidetik baztertu zuenari eskerrak ematea dagokiola gehiago.

Mirutegi mendia Aizkomendiko trikuharritik
Mirutegi mendia Aizkomendiko trikuharritik
  1. San Román de San Millán, gaztelaniaz.