Arratsalde on denoi:
Oilategitik aldizkaria 25. zenbakira iritsi da aurten. Duela 25 urte hasi zen proiektu ero samar hura hemen dugu oraindik, eta urtero-urtero daukagu esku artean aldizkariaren ale berri bat , festekin batera. Hori dela-eta gaude gaur hemen, udaletxeko balkoian, Oilategitik prestatzen gutxi edo asko ibiltzen garen batzuk; urtean behingoa bada ere, lan pixka bat ematen baitu aldizkaria txukun ateratzeak, eta eskerrak eman behar dizkiegu beren artikuluak, argazkiak eta abar bidaltzen dituzten guztiei, haien ekarpenik gabe ez bailitzateke posible izango. Eta eskerrak, noski, baita Alkizako festa batzordeari ere, aurtengo txupinazoaren aurretik esan beharreko hitzak prestatzeko ohore hau eman digutelako.
“Badatoz egun alaiak”, horrela hasten zen iazko pregoia, bertsotan. Eta hala behar du, festak ondo pasatzeko baitira: kantuz, dantzan, janean edo edanean, lotan edo bestela, pasa ditzagula ahalik eta ondoena, egun gutxi batzuk baino ez baitira; eta denetik dago aurtengo programan ere, ez dago aspertzeko betarik. Hor izango ditugu gero, berriz ere gure zain, lanak eta zereginak; etorriko dira udazkena eta negua… Baina, egun hauetan, pasa dezagun ondo denok.
Ez ditzagun ahaztu, hala ere, dagoeneko gurekin ez daudenak, edo, besterik gabe, aurten hemen egon ezin direnak. Errepara diezaiogun halaber gure inguruari, gertukoari zein urrutiagokoari, pertsona askok ez baitute festan ibiltzeko aukera eta gogo handirik izango egun hauetan: preso daudenak; lotarako kale bazter bat baino ez dutenak; etxeko leihotik begira, beldurrez, gizona noiz azalduko dauden emazteak; Ukrainan edo Palestinan edo gerran dagoen munduko beste edozein herrialdetan bonben eta droneen hotsen pean esnatu behar dutenak; itsasotik edo bestela bizimodu hobe baten bila gurera bidean dabiltzanak; gosez bizirautera kondenatuak direnak… Izan ditzagun gogoan, festetan ere.
Den-denok zaudete gonbidatuta programako ekintzetan parte hartzera, oilategikoak izan zein kanpokoak. Baina dena ez da libre, noski; eta aditzaile onari, hitz gutxi! Pertsona guztiok berdinak gara, eta hitz batek laburbiltzen du nolakoa behar duen gure jokabideak: errespetua. Hori ulertzen ez duenak badaki zer egin: bi errepide ditu aukeran, ezker-eskuin, Alkizatik martxa egiteko.
Beraz, oilo zein oilartxo, oilanda edo oilasko, txita, pularda edo pikantoi; haur, gazte eta zahar, ongi etorri denok Alkizako festetara: ondo-ondo pasa, gozatu!
Gora Alkiza, gora herriko jaiak!
Aurten, Oilategitik aldizkariaren hogeita bosgarren urteurrena ospatzen dugu Alkizan. Duela hogeita bost urte, herritar batzuek pentsatu zuten polita litzatekeela aldizkari bat egitea, eta lanean hasi ginen. Hala, 2001eko irail hasieran, herriko festetarako, esku artean genuen lehen zenbakia. Haren ondoren, beste 24 ale etorri dira: urtero-urtero, huts egin gabe (ezta pandemiaren urtean ere!), herriko jaien bezperan argitaratu izan da urteko zenbakia. Urteurrena dela-eta, bada, aldizkarian aldez edo moldez aritzen garen batzuoi egokitu zaigu aurten festetako pregoia idatzi eta aldarrikatzeko ohorea. Eta, hala, atzo, arratsaldeko zazpi eta erdietan, Koldobika Jauregik eta Gerezi Jauregik diseinaturiko Oilalokaren jaitsierarekin batera (2019tik aurrera, Alkizako jaietan ere bai baitugu “jaitsiera” bat!), goiko testu hori irakurri genuen udaletxeko balkoitik (zuen esku pregoia ala sermoia den erabakitzea, kar, kar, kar 🙂 ):

Ez zirudien erraza hasieran, baina horra: 25 urte joan dira harrezkero, eta aldizkariak bizirik dirau oraindik! Eta erraza, izan, ez da, lan puska bat egin behar baita horrelako gauza bat aurrera ateratzeko. Baina, urte hauetan, izan da beti jendea parte hartzeko prest, artikuluak, argazkiak, marrazkiak edo dena delakoa bidaliz alea osatzen lagundu dutenak. Eta akuilari on bat ere bai, Pepe, baten baten atzetik ibili behar bada han ibiliko dena, nekaezin, harik eta agindutako lana kenduko dion arte; hura gabe nekez bildu eta osatuko genuke garaiz inprimategira bidali beharreko guztia. Azken batean, horrelako gauza bat jende askoren elkarlanaren emaitza baita, ezinbestean; auzolana, finean. Oilategitik, besteak beste, dokumentu bat da alkizarrentzat, bestela jaso gabe geratuko liratekeen gauza asko biltzen dituen dokumentu bat. Herria egiteko eta sendotzeko modu bat ere bada, nire ustez; herrigintzaren alderdi bat, herri sentipena indartzen duen beste elementu bat, herriko festak edo beste jarduera asko eta asko diren bezala; eta nik horri garrantzi handia ematen diot. Urtero 800 ale inprimarazi eta banatzen dira, doan; jendea zain egoten da, urteko uzta dastatzeko.
Edukiei erreparatuz, berriz, askotarikoa da. Aurtengo alean, esaterako, nagusi dira herriko kontuak aipatzen dituzten artikuluak: iaz jaiotako haurren zerrenda (argazkiekin, noski), herriko erroldaren gorabeherak, bertan bizi diren 10 emakume eta 10 gizon zaharrenen izenak eta adina; eskolatik urtero egiten duten ekarpena (hiru artikulu, aurten); herrian egiten diren zenbait jardueraren albisteak: yoga, pilates, gimnasioaren eraberritzea…; antzinako kontuak (udaleko artxibo zaharretatik ateratako bitxikeriak, dekretu eta arauak, herriko baserrietan garai batean bizi izan direnen deiturak…); udaletik alkateak egiten duen errepasoa, urtean zehar egindakoen eta aurrera begira dituzten proiektuen berri emanez; aurtengo festen egitaraua; eta, noski, aurtengo alean bereziki, aldizkariaren urteurren honekin zerikusia duten albiste, elkarrizketa eta abarrak. Baina badira, ohi bezala, hausnarketa eta fikziozko lanak ere (bakardadea, Euskaraldia, mekanika kuantikoa, lur azpia eta ura…) eta gure ingurunean bizi diren animalia eta piztiei buruzko artikulua (ohikoa bilakatu dena, hori ere: aurten, Rosalia alpina-ri egokitu zaio, hau da, Hernio-Gazume Kontserbazio Bereziko Gunean bizileku duen intsektu espezie enblematikoari).

Eta zer dela-eta Oilategitik izena? Euskal Herriko eskualde batzuetan (Tolosaldean behintzat bai), pertsona ezizenak ez ezik, herritarren ezizenak ere ohikoak dira, edo izan dira, oraintsu arte behintzat: Abaltzisketakoak, txalburuak (zapaburuak) dira; Albizturkoak, kunplituak (konplituak?); Alegiakoak, txintxarriak; Amezketakoak, elbiak (euliak)…; alkizarrok, berriz, oiloak. Eta hortik, noski, aldizkariaren deitura.
“Oilategitik” aritu gara, beraz, hogeita bost urte honetan, kotara igo eta karakaz; eta, lanak segida baldin badu behintzat (e, txita, oilanda eta oilasko alkizar gazteok: hor zaudete?), jarraituko dugu aurrerantzean ere. Eta izango da arrautzarik gero ere, ez izan dudarik.
Azken oharra (aldizkariaren 25. zenbakitik hartua):
Oilategitik-en urteurreneko ekitaldiak
Azaroak 7, ostirala, 19:00etan, udaletxeko ganbaran: “25 urte bertsoz-bertso”. Musika eta bertso bidezko errepaso hunkigarria. Oilategitik aldizkarian jasotako bizipenak, istorioak eta pasarte gogoangarriak oholtzaratuko dira, Manu Urruzolaren bertsoen eta Martin Lizardiren gitarra doinuen laguntzaz. Herritik herriarentzat sortutako emanaldi berezia, hitzak eta notak bidelagun.
Azaroak 7-21, udaletxeko ganbaran: “Oilategitik: 25 urte, 25 azal” erakusketa, Xabier Artola Zubillagak prestatua. Aldizkariaren 25 urtetako ibilbidea portada bidez “irakurtzeko” aukera izango da erakusketa honetan. Irudi bakoitzak garaiko giroa, kezkak eta poza islatzen ditu, eta herritarren parte hartzearen isla da.

Utzi erantzuna