Margarita Nafarroakoaren Heptamerona euskaratzeko proiektuaren barruan1, aurten Borzgarren Egunari heldu zaio txanda, hori baita itzuli dugun atala 2024ko udazkenetik hona; atal horretan, euriteak direla-eta Pirinio aldeko Zarrantzatik irten ezinik geratutako hamar nobleek beren itxialdiko bosgarren egunean kontatzen dituzten istorioak biltzen dira (41. istoriotik 50.eraino).

Eta, aurreko urteetan Iruñean, Amaiurren, Orbaizetan eta Zangozan egin bezala, aurten Altsasun elkartuko gara, hamar istorio horiek jendaurrean irakurtzeko (ikus xehetasunak behean).
Atal honen itzulpena ere neuk egin dut, eta Itziar Diez de Ultzurrun arduratu da gainbegiratzeaz eta oharrak egiteaz (enegarren aldiz, esker anitz, Itziar, eginiko lan bikainagatik). Eta aurreko atalak bezala, hau ere Booktegik argitaratu du2; eskerrak, hortaz, Booktegiren arduradun Aritz Brantoni ere, proiektuan sinetsi eta aurrera eramateko eskaintzen ari den laguntzagatik.
Jendaurreko irakurraldia Altsasun
Jendaurreko irakurraldi hauek Nafar Ateneoak antolatu ohi ditu, eta aurtengoa Altsasuko Iortia Kutur Gunean izanen da, urriaren 4an, larunbatarekin, goizeko 10:00etan hasirik. Ekitaldia irekia da irakurtzera zein entzutera etorri nahi duen edonorentzat. Pasarte bat irakurri nahi duenak, hori bai, mezu bat idatzi behar du heptameronaitzulpena@gmail.com helbidera, izen-deiturak, email helbidea eta telefono zenbakia emanez; zatiak banatutakoan, emailez jasoko du bakoitzak irakurtzeko egokitu zaiona, aurretik prestatu nahi izanez gero ere.

Irakurketan etenaldi bat egingo da eguerdian, bazkaltzeko (bazkarian parte hartu nahi izanez gero ere izena eman behar da aldez aurretik, aipatu helbide horretara idatziz). Bestalde, aurreko urteetan bezala, eguna osatzeko beste zenbait ekitaldi ere izango dira; aurrerago emango dugu horren berri, WhatsApp taldearen bidez.
Heptamerona: Borzgarren Eguna
Honela dio egunaren hasieran egon ohi den laburpenak:
Borzgarren egun honetan, beren ohorea plazeraren aitzinetik jartzen jakin ukan duten neska eta emakumeak ditugu mintzagai; orobat, kontrakoa egin ukan dutenak, eta bai bertze zenbaiten lañotasuna ere.
Eta horren ondoren datoz aitzinsolas labur bat eta hamar istorio, denon artean irakurri eta gozatzeko —ahaztu gabe istorio bakoitzaren amaieran bildurikoen artean sortzen diren eztabaida bizi bezain interesgarriak!—. Adibidez, hona zer aurkituko dugun berrogeita batgarrenean:
Eguberri gau batez, andereño bat kordelier batengana kofesatzera joan zen, eta hain penitentzia estrainioa jarri zion hark, ezen neska, ez zuenez halakorik errezibitu nahi, haren aitzinean altxatu baitzen, absoluziorik gabe; neskaren nagusi andereak, jakin zuelarik, azotarazi zuen kordelierra sukaldean, eta han igorri zuen gero, tinko-tinko estekaturik, bere guardianoaren baitara.
Eta hara zer, berrogeita bederatzigarrenean:
Zaldun frantses batzuk, ikusiz beren jaun Errege hagitz ongi tratatzen zuela maite zuen atzerriko kondesa batek, menturatu ziren emakumearekin mintzatzerat eta pertsekutatzen hasi ziren, halako maneran, ezen erdietsi baitzuten, batak bertzearen ondotik, galdatzen zuten hura, batbederak pentsatuz berarendako soilik zeukala emakumeak bertze guziek ere parte zuten grazia hura. Eta, deskubritu zuelarik haietarik batek zer gertatzen zen, hartu zuten guzien artean emazteki hartaz mendekatzeko deliberoa; baina, planta onez eta lehenago bezain begitarte atseginez hartu zituenez, berekin eraman zuten hari pasarazi nahi zioten lotsa.
Bistan denez, hor ibiliko gara aurten ere kordelier lizun eta zaldun kokinen artean; dama, printze-printzesa eta errege-erreginen jiran; amodio garbi, interesatu zein ezinezkoen berri ikasten; jolas likits, alberdania eta abarren gainean irribarrez. Eta, istorio horiek direla-eta, aukera ederra izango dugu ikusteko zer pentsatzen duten eta zer-nolako gogoetak egiten dituzten gure Parlamentek, Oisillek, Hircanek, Geburonek eta Zarrantzako monasterioan bildurik diren beste sei nobleek.
Ongi pasatuko dugu, animatu!
- Egitasmo honetaz blogean aurretik idatzitakoen berri izateko, jo hona
- Hona hemen Booktegik orain arte argitaraturiko atalak:
Utzi erantzuna