Elkar lehenagotik ezagutzen bagenuen ere, duela hiru urte pasakoa duk hire lehen whatsappa nire mugikorrean: bizikletak hartu eta Toscanara joatekoak zinetela, informazio eske idatzi hidan. Gure ibilbideen buruari eskatu, eta bidali nian eskualde hartan guk egindako batzuei buruzko informazioa. Pixka bat beherago jo, eta bideo bat ageri duk mezulari berdean, Atacama aldean ibili zinetenekoa… Ikusi nahi izan diat, baina ezin, errorea ematen zidak: bideoa Karlos_Lesaka-ri eskatzeko berriz agintzen zidak WhatsAppek, ostera bidali beharko didaala ikusi nahi badut (ederki gaudek!). Bideo horren gainean, berriz, batere gustuko ez ditudan audio horietako bat zegok, eta martxan jarri diat (hori, bai, arazorik gabe entzun ahal izan diat: hemen hagoela ematen dik, hi, teknologiaren gauzak!): lurralde haietan ibili nintzeneko kontakizuna irakurtzen ari zaretela esaten didak audioan («Nik ez diat dena irakurri, e, baina K.-k, bai, osoa irakurri dik, eta asko gustatu zaiola ziok!»), Amerikan barrena egin nuen bidaian idatzi nituen kontuak, alegia, eta Elqui harana ezagutzera joatekoak zaretela, nire erruz edo… Geroztik ere behin baino gehiagotan aipatu hizkidan Elquiko kontuak, eta kontatu hidan egon zinetela blogean aipatzen nuen Solar Madariaga hartan, Albertorekin, eta…

Trukatu ditiagu zenbait argazki eta kontu urte gutxi hauetan, bidali dizkidak argazkiak Toscanatik, Txiletik, Argentinatik, Islandiatik… Nik ere bai baten bat hiri (Zeelanda Berritik behintzat bai), hik niri baino gutxiago, halere; hori duk marka, gero, argazkilari izena neuk zeramaat eta! Baionan amaitu zen Korrikan, berriz, elkarrekin egon gintuan, herri bazkarian: A., K., A., K., hi (K., hi ere) eta seiok; geratu dituk egun hartako argazkiak ere gure arteko mezuetan.
Gerokoa duk, aurtengo urtarrilekoa, Gastromendi taldeko mendi-janzale petral hauekin etortzen hasi zinetenekoa, K.-k eta biok antolatu zenuten Arantza aldeko txangoa (eta bazkaria, bapo jan genian!). Egun euritsu hartan ezagutu nian, nik behintzat, Putzubeltza izeneko txoko ederra, baita Arantzako jatetxe hura ere: Burlada zen? Edo Pablo Enea? Zalantzan nagok orain; bikaina, nolanahi ere. Martxoan beste ibilaldi(txo) bat, apirilean beste bat, eta azkena, maiatzekoa (a zer bazkaria Uxuekoa ere, gastro alderdia ibilbidea baino hobeto aztertuta eraman izan diagu beti gure talde honetan, zer egingo diogu!): ez zekiat nola etortzen zineten gu bezalako mendixale kaskar hauekin zuek bezalako mendizale zailduak; egin ohi ditugun janaldi horiengatik, akaso? 😉
Eta horraino. Fini. Tibetetik jaso nitian azken argazkiak hiregandik, ekainean; inbidia-emangarriak benetan. Eskerrik asko. Altsasun ez haiz izango, Heptameronaren irakurraldira ere etorriko hintzela agindu hidan baina (goiz xamar alde egingo zenutela, Muguruzaren kontzertua zenutela Iruñean eta), nahiz eta ez izan munduko planik erakargarriena udazkeneko larunbat oso bat pasatzeko. Baina, tira, horrelakoa hintzen, agidanez.
Batzuetan ez duk denbora asko behar pertsona batzuekin sintonizatzeko, oso erraz gauzatzen duk.
Adio betiko, Karlos. Hor bidaltzen diat azken argazki bat. Ez diat uste tokia ezagutzen duanik, baina seguru negok gustatuko zaiala: hire irribarre “luzea” gurekin geratuko duk beti.

Azken oharra, literatura ukendu (Wikipedian aipatzen den kondaira batetik moldatua)
Satan, mundutik txangoan zebilela, mendiak zeharkatuz bere hegal indartsuez, hegaldia gaizki kalkulatu eta erori egin zen, hain makurki, non Dent d’Orlu mendiaren gainean trabaturik gelditu baitzen. Eginahalak egin eta lortu zuen libratzea, baina, zauritik odola zeriola, Puig Carlit mendira iritsi zen, non ispilu eder bat aurkitu baitzuen, Venusek han ahantzia. Hain itsusi bilatu zuen bere burua, ezen, haserre, ispilua hartu eta harrika bota baitzuen. Ispilua hemezortzi puska egin zen. Puska horiek dira mendigune eder hartan dauden hemezortzi aintzirak, amodioen erreginaren grazien edertasunaren isla. Eta ispiluaren kirtena, lurrean landaturik, garatu egin zen, findu, zorroztu…
Utzi erantzuna