Booktegiren aurtengo jaialdian, Rupertorioa izeneko ekitaldi bat antolatu dute, “Ruper Ordorikak berak idatzi dituen letren omenaldi” bat izateko asmoz. Horretan hartu nuen parte herenegun arratsaldean, Usurbilgo Sutegi Kultur Etxean; beheko hau izan zen nire ekarpena.
-o-o-o-o-o-o-o-o-o-o-
Nola ezagutu nuen Beñardo
Duela hilabete batzuk, Aritz Brantonek gonbidatu ninduen rupertorio honetan parte hartzera… Gonbidapenean zioenez, zerrendatik kanta bat hautatu, eta haren inguruan zerbait egitea zen kontua: abestu, errezitatu, hausnarketa bat egin, anekdota bat kontatu… Ni anekdota xume bat kontatzera noakizue, besterik gabe.
Kanten zerrenda arakatzen hasi nintzenean, “Isidrorena” honekin egin nuen topo (ikus behean kanta osoa), Lurrean etzanda diskokoa. Hogeita bi urteko Errenteriako gizon baten historia kontatzen du, hogeita bi urte zituela poliziarengandik ihes egin, eta erbestealdi luze bati hasiera eman ziona: Lapurdin ibili zen aurrena; Frantzian, Suitzan, Errusian, Kanadan, Habanan, Nikaraguan… gero; eta Kubara itzuli berriz, azkenean. Hogeita hamabi urte desterruan. Hitz eder hauekin amaitzen da kantua:
Kantu hau jarri dut, Isidro, zuretzat,
eta lagunen lagun diren haientzat.
Jende onak, horra nire azken hitzak:
nork du dohainik ematen bizitza?
Disko hori 2014koa da, eta etxean neukan, atera zen garaian erosia. Baina ez nuen uste, orduan, kantako protagonistarengandik nolabait gertu suertatuko nintzenik inoiz.
Kanta argitaratu baino urtebete lehenago, 2013ko urtarrilean, argazki erakusketa bat jarri nuen Santiago de Cuban. Unibertsitatean egiten genuen ikerkuntzak eraman gintuen, mende honen hasieran, hango hizkuntzalaritza zentro bateko ikertzaileekin lankidetza proiektu batean abiatzera; bidenabar esanda, hogeitabost urte geroago, haiekin jarraitzen dugu lanean oraindik ere. Kontua da haiek gonbidatu nindutela, bi urtez behin egiten duten sinposio bat zela-eta, nire argazkien erakustaldi bat egitera. Kuba: begiratu bat Euskal Herritik, hala planteatu nuen erakusketa. Eta honela nioen hartarako berariaz prestatu nuen eskuorrian:
Kubara egindako bidaietan ateratako argazki sorta batek eta Euskal Herrian egindako beste hainbatek osatzen dute erakusketa hau. Cecilia Arrozarena Uribe, euskal jatorriko habanatarraren El roble y la ceiba. Historia de los vascos en Cuba (Txalaparta, 2003) liburuaren atzeko azalean, honako hau irakur daiteke: «Kubatarren eta euskaldunen artean harreman luzea eta halako begiratu konplize bat dago. Izango da, agian, biak, zein bere erara, uharte herriak direlako, bizirik eta burua gora irauten saiatuak eta irmoak…». Bada, erakusketa honen sorburuan eta irudietan ere, begiratu konplize horretatik.
Han egindako argazkiak eta hemen egindakoak, bietarik elkartu nuen, hortaz, erakusketa hartan (35 irudi guztira). Hemen inprimatu genituen eskuorriak, hemen inprimatu genituen argazkiak, eta gure tramankulu guztiak hartuta joan ginen Kubaraino. Erakusketaren inaugurazioa sinposioaren ekitaldietako bat izan zen, eta hantxe gelditu ziren argazkiak zintzilikaturik, beste 10 edo 15 egunez, gu itzulitakoan ere.
Behin Donostian nintzela, egun batean kafe bat hartzera gonbidatu ninduen nirekin sinposioan egondako lagun batek. Lagun horrek kontatu zidan sinposioa bukatu eta gero Habanara joan zirela senarra eta biak, eta han elkartu zirela bertan bizi ziren euskaldun batzuekin. Eta, erakusketa hizpidera ekarririk, interesa erakutsi zutela handik hilabete batera-edo, Aberri Egunaren inguruan egingo zituzten ekitaldietan, erakusketa hori han ere jartzeko. Horrek eman zidan pozarekin batera, baina, etorri zen harri eta zur utzi ninduen ustekabea: lagunak esan zidanez, Cecilia ez zen Cecilia, Joseba baizik, eta Arrozarena ez zen Arrozarena, Sarrionandia baizik. Alegia, El roble y la ceiba. Historia de los vascos en Cuba liburuaren autorea ez zen emakume habanatar bat, liburuaren kontrazalean zioen bezala, baizik eta Habanan bizi zen euskaldun haietako bat, desgisaturik.
Orduan, deitu nion Leonel Santiagoko lankide eta adiskideari, eta, erakusketa kendu ondoren hango lankideen artean banatzekoak ziren argazkiak, berriro biltzen eta paketatzen hasi behar izan zuten, guagua batean sartu eta Habanara bidaltzeko. Tira, honaino erakusketaren historia: argazkiak Habanako Centro Vasco-n egon ziren Aberri Egunaren bueltan, eta atzera Santiagora bidali zituzten gero.
Kantan, Ordorikak dio:
Herbestera bidean, bizi behar dena!
Suitza, Errusia, Kanada, Habana,
Nikaraguan nintzen geratu azkenean,
gobernua aldatzean berriro ere Kuban.
Neure atarian, eguzkilorerik ez.
Zein da zure izena? Isidro Durán Báez,
hogeitabi urte alde egin nuenean,
beste hogeitahamabi urte desterruan.
Isidro Durán Báez: “Beñardo du izena, baina luzaroan Isidro deitzen zuten denek auzoan”. Errenteriako gazte bat, 22 urte zituela, San Isidro egun batez, ihes egindakoa.
Horretan ziren, bada, beren herritik hurbilago sentitzeko-edo, urtero-urtero Aberri Eguna ospatu beharra sentitzen bide zuten Habanako euskaldun haiek; eta, haiek bezala, beste hainbat, Venezuelan, Cabo Verden, São Tomen, Panaman… Euskal Herritik urrun, oso urrun. Batzuk itzuli dira, beste batzuek lurralde haietan jarraitzen dute oraindik; beste zenbait, berriz, herrialde arrotz haietan hil ziren.
Eta jarraitzen du Ruperrek:
Hara, bihotzeko nire Zubieta,
gazte denboretako Orereta,
Herrira itzultzea bainuen gogoan,
orain, batzuetan, ez hemen, ez han.
“Orain, batzuetan, ez hemen, ez han”: itzultzea ederra da; baina ez du samurra izan behar, bizitzaren erdia baino gehiago erbestean ibili eta gero.
Bederatzi urte geroago, 2022an, Beñardoren bihotzeko Zubietara joan nintzen lagun batzuekin inauteri garaian, joaldunak ikustera. Desfilerako janzten eta joareak lotzen ari zirela, zeuden sotora sartu nintzen, argazki batzuk egitera. Eta, batekin eta bestearekin solasean hasirik, hantxe ezagutu nituen Santiagotik bidalitako argazki haien bila Habanako autobus geltokira joan ziren bi lagunak: bata kantako Beñardo/Isidro/Beñardo zen, koadroekiko pañelu urdin bat zeraman lotuta lepoan; bestearen izena ez dut gogoan orain.
Han zebilen, bada, Beñardo, Zubietan, joaldunen errenkadako lehen bikotearen ezkerraldean, gerrialdean loturik zeramatzan joareei eragiten. Gizon isila iruditu zitzaidan, umila. Herrikideekin eta ama lurrarekin bat eginik sumatu nuen, bere bulunba haiek astinduz espiritu txarrak uxatu nahian edo. Negu hurbilak filmean ikusi nuen gero, aktore lanetan: poliki aritu zen, asko hitz egin gabe ere; Beñardo zen, baina bazuen Isidrotik, ez gutxi gainera. Baina hori beste istorio bat da. Edo ez?
Izan ere, kantak dioen bezala, eskutik daroa bizitza patuak.
-o-o-o-o-o-o-o-o-o-o-
Horraino Rupertorioan irakurri nuena. Eta hemen duzue kanta osoa, entzuteko nahiz irakurtzeko:
ISIDRORENA (R. Ordorika)
Beñardo du izena baina luzaroan
Isidro deitzen zuten denek auzoan,
entzun ezazue bere istorioa,
patuak bizitza eskutik daroa.
Mila bederatzirehun larogei ta bian
polizia autoan preso nindoan,
San Isidro eguna zen, ondo daukat gogoan,
jauzi egin nuen autotik martxan.
Korrika ihesi Errenterian barrena,
orduan jakin banu gero helduko zena!
Argi nuen behintzat ez nuela deus esan,
inoren izenik ez niela eman.
Lapurdi aldean hiru urte iheslari,
beste hiru Frantzian barrena oso larri,
arrazoirik banuen ibiltzeko negarrez
izenak eta maiteak laga halabeharrez.
Herbestera bidean bizi behar dena!
Suitza, Errusia, Kanada, Habana,
Nikaraguan nintzen geratu azkenean
gobernua aldatzean berriro ere Kuban.
Neure atarian eguzki lorerik ez,
zein da zure izena? Isidro Durán Báez,
hogeitabi urte alde egin nuenean,
beste hogeitahamabi urte desterruan.
Hara, bihotzeko nire Zubieta,
gazte denboretako Orereta,
Herrira itzultzea bainuen gogoan,
orain batzuetan ez hemen, ez han.
Kantu hau jarri dut, Isidro, zuretzat,
eta lagunen lagun diren haientzat.
Jende onak, horra nire azken hitzak:
nork du dohainik ematen bizitza?