blogoetak


Asteko irudia: Zeu naiz

DGZ0313_2
Fotomuntatze honen oinarriko argazkia Berlingo Holokaustoaren Memorialean egina da, 2007an.

Zeu naiz

Urrats bi: bat eta bi.
Begira ezazu ispiluan:
laztura, laztura!
Zure M16-aren kulatak ene masailean
utziriko orban horia,
bala itxurako orbaina zabalduz
svastika bat nola,
ene bisaian sigi-saga.
Bihotz mindua dariola
ene begietarik at tantaka,
ene sudur ezpalak zulatuz,
ene belarriak urez betez.
Lekua.
Zeuri egin zizuten bezala,
duela 70 urte,
edo.

Zeu baino ez naiz.
Zeure iragana zelatan,
zeure oraina, zeure geroa.
Zu ahalegindu gisan ahalegintzen naiz.
Zu borrokatu gisan borrokatzen naiz.
Zuk iharduki bezala ihardukitzen diot.
Eta, une batez,
zure irmotasuna
duket eredu,
ez bazeneuka eskuetan
zure pistolaren kanoia
ene begi odolduen artean.

Bat. Eta bi.
Zure ama,
zure aita hil zuen
pistola bera,
bala bera
erabiliko duzu
ene kontra.
Zeuk.

Hartu bala hori eta kargatu pistolan.
Usain ezazu: zure odola eta nirea duzu.
Ene oraina eta zure iragana dakartza.
Ene oraina.
Zure iragana.
Horregatik gara bikiak:
bizi ibilbide bera,
arma bera,
oinaze bera,
begitarte bera
marrazturik hiltzailearen bisaian.
Ber gauza, orotan.
Salbu-eta, zure kasuan,
biktimak bere bilakaera izan duela, atzeraka,
erasotzaile bihurtuz.
Badiotsut:
zeu naiz.
Salbu-eta ez naizela zu orain zaren hori.

Ez zaitut gorroto.
Lagundu nahi zaitut herra hori utz dezazun,
eta ni hiltzeari utz diezaiozun.
Badiotsut:
zure metrailadore horren azantzak
gortu egiten zaitu,
bolboraren usaina
ene odolarenari gailentzen zaio.
Su pindar horiek desitxuratzen dute
ene aurpegiera.
Egon zintezke tiro egin gabe?
Une batez?
Bai ote?

Zure begiak ixtea da
egin behar duzun guztia
(egungo hau ikusteak
gure bihotzak itsutzen baititu).
Itxi begiak tinko,
zeure barnea
ikusteko gisan.
Eta, orain, begiratu ispiluan.
Bat. Eta bi.
Zeu naiz,
zeure iragana.
Eta ni hilez
zeure burua hiltzen duzu.

“Zeu naiz” poema Refaat Alareer (1979-2023) poeta palestinarrak idatzia da (itzulpena neuk egin dut, gaztelaniazko, ingelesezko eta frantsesezko bertsioak baliatuz). Refaat Gaza hirian hil zuten, 2023ko abenduaren 6an, bonbardatze batean; eraso hartan hil zituzten idazlearen anaia, iloba, arreba eta arrebaren hiru haur ere.

Oharra: Argazkia Tolosaldeko Ataria-ren “Begirada grafikoa” atalean argitaratu da gaur (2025-10-03), poemaren azken ahapaldiarekin batera.

Iruzkinak

3 erantzun “Asteko irudia: Zeu naiz” bidalketan

  1. Adolfo Bornaetxea-ren avatar
    Adolfo Bornaetxea

    Olerki honek “ispiluan” erantzunak aurkitzeko beharra egiaztatzen du, batzuetan simetrikoa baina hurbilekoa den Rimbauden beste ni hori dena (“Je est un Autre”). Bestetan, hain urruna, non gogorarazten baitigu Palestinan ere aurkitzen duguna gure isla besterik ez dela.

  2. kepa-ren avatar
    kepa

    Zelako bukaera!

    “[…]
    Bat. Eta bi.
    Zeu naiz,
    zeure iragana.
    Eta ni hilez
    zeure burua hiltzen duzu.”

  3. Mariaje-ren avatar
    Mariaje

    “Itxi begiak tinko,
    zeure barnea
    ikusteko gisan”

    …Eta ikusten dut hutsune handi bat munduko miseria krudelenak betetzen duena…

    Mariaje

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.