Kameren aurrean dantzari: Dantza filmeko argazki sorta bat

Almute dantza.

Gipuzkoako Argazkilari Elkartearen aretoan (Donostian) egindako erakusketa, 2019ko urtarrilaren 11tik otsailaren 6ra.

Kameren aurrean dantzari: proiektuaren nondik norakoak

Dantza ez da ohiko film bat. Dantza-k istorio bat kontatzen digu, euskal dantza tradizionalen bidez. Istorioa herri batean, baserri giroko edozein herritan gertatzen da; munduko edozein lekutan gerta liteke, gertatu ere. Istorio horrek gizakiaren eta naturaren arteko harremanen berri ematen digu, eta biziaren –eta bizirautearen– metafora ere bada, hazia ereiten denetik fruitua jasotzen denerainoko zikloa osatzen baita filmaren hasieratik bukaerara bitartean, sortzetik heriotzarainoko bidea; lana, amodioa eta festa ere ukitzen dituela.

Erakusketan aurkeztutako irudiotan ere, filmak korritzen duen ibilbide horri jarraitzen zaio. Hor ikusten dugu, aurrena, xamana (izaki androginoa: eguzki amandrea, Amaterasu?), libreki dantzan harpe barruan, euri eske, lurrak bere fruitua emango badu ezinbestekoa duen uraren erreguz. Gero, lurra ernatzen hasten denekoa ikusi ahal izango dugu –zinta dantzaren ardatz, hostoberritzen hastear den arbola–; haren ingurura hurreratzen diren izaki beldurgarriek izurritearen etorrera irudikatzen dute, moskito eta ezparen izurria (erreparatu lurrean datzan fruitu kaltetuari). Sua azalduko da gero, nekazariak uzta hondatzera datorkeen izurriteari aurre egiteko baliatzen duen sua (Bizkaiko erregela); eta haren segidan heriotza azaltzen zaigu, errituak, emakumeek biribilean jarrita eratzen duten cromlech irudi ikusgarria (irradaka). Neguaren ondoren, baina, udaberria lehertuko da, eta sagarrondoak bere lore ederrak emango ditu, udaren amaieran fruitua ekarriko duten loreak (sagar dantza). Aurrera segituz gero, fruitua dagoeneko bilduta ikusiko dugu, sagarrak dolarean, lana, eta, uzta ospatzeko, almute dantza. Sagarretik sagardoa sortuko da, eta herri osoa plazara bilduko da festan. Azkenik, amodioarekin egingo dugu topo azken bi argazkietan: ez da saltsa, ez da lanbada... Arratiako jota da.

Telmo Esnalek zuzendutako Dantza-ren (Txintxua Films, 2018) filmatze saioetako argazkiekin osatu dut erakusketa hau. Saio horietan argazkiak egitera gonbidatu nindutenean, ez nekien zer aurkituko nuen; zinemaren mundua ez nuen barrutik ezagutzen eta ez nekien zer-nolako egoerak eta aukerak izango nituen argazkiak egiteko. Estreinakora joan nintzelarik, baina, Igartubeitiko argi-itzaletan eta kameren aurrean, dantzarien oin biluziek zurezko zorutik harrotzen zuten hautsaren artean lehen klikak egiten hasi orduko, ernamuindu zen niregan erakusketaren bidez aurkezten dudan proiektu fotografikoa.

Gehiago irakurri: Kameren aurrean dantzari: Dantza filmeko argazki sorta bat

Solstiziotik solstiziora, Amerikan barrena

Ruka Pillañ (edo Villarrica) sumendia, gauez. Pucón, Araucanía (Txile).

Donostiako Informatika Fakultateak 40 urte bete zituela-eta, urteurrena ospatzeko ekitaldien arteko bat izan zen argazki erakusketa hau. Fakultatearen atarian egon zen zabalik, 2017ko azaroaren 10etik abenduaren 22ra; bertan, 2016an Amerikan zehar egindako bidaian ateratako argazkien lagin txiki bat aurkeztu nuen.

Bilduma ikusteko, egin klik gaineko argazkian.

Bidaia eta erakusketa: nondik norakoak, hitz gutxitan

Aspaldiko asmo bat gauzatzeko zortea izan nuen 2016an, motxila hartu eta sei hilabeterako Amerikan zeharko bidaia bati ekin bainion, ekainetik abendura. Udako solstizioarekin Ternuako kostaldean nenbilen, Artikotik behera etorri ohi diren icebergen miraz eta euskal baleazaleek lurralde haietan utzitako arrastoen atzetik; urte erdi geroago, berriz, Patagoniako mendietan gora eta behera. Hego hemisferioan udako solstizioa izan baino egun batzuk lehenago iritsi nintzen Ushuaia mitikora. Guztira, 27.000 km-edo korrituko nituen: Eskozia Berria, Ternua, Quebec Hiria, Concord, New York, New Orleans, Monterrey, Mexiko Hiria, Puebla, Costa Rica, Panama, Medellín, Mompox, Cartagena, Ekuador, Trujillo, Lima, Atacama, Santiago, Araucanía, Chiloé, Bariloche, Perito Moreno, Ushuaia... trenak, autobusak —bai ugari!—, autoak, txalupak, hegazkin gutxi batzuk... kaleak, hiriak, herrixkak, museoak, hondartzak, oihana, basamortua, mendiak, jendea... geltokiak, tabernak, ostatuak. Bidaia bera egunero oraindik gogora etortzen zaidan bizipen ederra izan zen, eta beta izan nuen, besteak beste, naturaz gozatzeko, historia pixka bat ikasteko, kale artean gora eta behera ibiltzeko, jendearekin hitz egiteko, lagunen bat edo beste egiteko, idazteko —blogoetak izeneko blogean—... eta, nola ez, argazkiak egiteko.

Gehiago irakurri: Solstiziotik solstiziora, Amerikan barrena

Kuba: begiratu bat Euskal Herritik

Eduardo.

Santiago de Cubako UNEACen Titón Aretoan egindako erakusketa, 2013ko urtarrilaren 23tik otsailaren 5era. Gero, argazki hauetako batzuk Habanako Euskal Etxean ere egon ziren ikusgai, 2013ko Aberri Egunean (2013-03-31). 

Argazkiak ikusteko, egin klik hemen (edo hemen, Flash gabe ikusteko).

Kubara egindako bidaietan ateratako argazki sorta batek eta Euskal Herrian egindako beste hainbatek osatzen dute erakusketa hau. Cecilia Arrozarena Uribe, euskal jatorriko habanatarraren El roble y la ceiba. Historia de los vascos en Cuba (Txalaparta, 2003) liburuaren atzeko azalean, honako hau irakur daiteke: “Kubatarren eta euskaldunen artean harreman luzea eta halako begiratu konplize bat dago. Izango da, agian, biak, zein bere erara, uharte herriak direlako, bizirik eta burua gora irauten saiatuak eta irmoak...". Bada erakusketa honen sorburuan eta irudietan ere begiratu konplize horretatik.

Gehiago irakurri: Kuba: begiratu bat Euskal Herritik

Literaturatik gehiago pinturatik baino

Rufina Cuba: bizitzaren arrastoak.

Hondarribiko Modotti Tailerrean egindako erakusketa, 2011ko urriaren 11tik 30era.

Argazkiak ikusteko, egin klik hemen (edo hemen, Flash gabe ikusteko).

Kontrakoa esaten bada ere, uste dut argazkigintzak gehiago duela literaturatik pinturatik baino. Francesc Català Roca (Argazkilaria. Katalunia, 1922-1998).

Gehiago irakurri: Literaturatik gehiago pinturatik baino

Begiratuak 2.♀

Mariluz. Chinchero (Cuzco), 1997.

Donostiako Informatika Fakultatean egindako erakusketa, 2006ko abenduan.

Argazkiak ikusteko, egin klik hemen (edo hemen, Flash gabe ikusteko).

...Han eta hemen harrapaturiko emakume begiradak, argazkilariaren begiez jasoak, kimikaren zein sentsore digitalaren bidez betikotuak.

Gehiago irakurri: Begiratuak 2.♀

Sagastian sagarra, sagarretik sagardoa

Sagar biltzen, euripean

Alkizako Kultur Etxean egindako erakusketa, 2011ko irailaren 9, 10 eta 11n.

Argazkiak ikusteko, egin klik hemen (edo hemen, Flash gabe ikusteko).

Sagastian sagarra, sagarretik sagardoa... Aspaldidanik ezagutzen dugu Euskal Herrian sagarrondoa, ukaezina da sagardoak gurean duen eta izan duen garrantzia.

Gehiago irakurri: Sagastian sagarra, sagarretik sagardoa

Garo meta, Alkizako Leten

Herrirantz II

Alkizako Kultur Etxean egindako erakusketa, 2009ko udazkenean.

Argazkiak ikusteko, egin klik hemen (edo hemen, Flash gabe ikusteko).

...Idiak, segak, eskuareak, gurdia, lera... orain gutxi arte gure mendi eta soroetan hain ohikoak ziren lanabesak erabili ziren, Alkizako Leten jaso zen garo meta hau egiteko...

Gehiago irakurri: Garo meta, Alkizako Leten

Baso lanak: txondorra Ikilin

Ke artean II

Alkizako Kultur Etxean egindako erakusketa, 2009ko udaberrian.

Argazkiak ikusteko, egin klik hemen (edo hemen, Flash gabe ikusteko).

...Ikazkinik ez da gehiago ikusiko euskal herrietako mendietan, argazkitarako ez bada. Badira oraindik gure herrietan ikazkin trebeak, txondor bat egin, piztu eta egunetan ketan iraunarazten ederki dakitenak, baina, beste hainbat lanbide bezalaxe, ikazkintza ere joan den mendean desagertutako jardueren zerrendan geratuko da historia liburuetan. Balioko ahal dute argazkiok, lanbide horiek --eta bizimodu hura, nolabait-- erabat atzenduta gera ez daitezen.

Gehiago irakurri: Baso lanak: txondorra Ikilin

Txerri festa, beheko plazan

Leteko atarian I

Alkizako Kultur Etxean egindako erakusketa, 2008ko sanmartinetan.

Argazkiak ikusteko, egin klik hemen (edo hemen, Flash gabe ikusteko).

Alkizako txerri festa, 2008ko azaroan: Arangurenen hazitako txerria erosi, beheko plazan hil, Perun egin odolki, txorizo eta beste, eta, azkenik, herri bazkaria frontoian.

Gehiago irakurri: Txerri festa, beheko plazan