9184442

Jada ez zegok atzera bueltarik: 9184442. Horixe duk hegaldiaren erreserba zenbakia. Joanekoa baino ez; harritu punttu bat ere sortzen dik horrek, sortzen dianez.

Ondo bidean, ekainaren 18an irtengo haiz Loiuko aireportutik, Frankfurt aldera. 06:50ean. Eta handik Halifaxera, Kanadako Eskozia Berrian, egun berean iritsiko haiz. Lotarako ordu onean, zazpi eta erdietarako-edo han izango baihaiz. 350 euro ordaindu dituk. Gehi beste hogeita piko, Frankfurtetik Halifaxerako hegaldian eserlekua erreserbatzeko. Sei hilabeterako bidaian irten, motxila bizkarrean hartuta, eta estreinako hegaldian eserlekua erreserbatzen hasi haiz? Bejondeiala!

Azken egunotako tentsioa baretzen sentitu duk bat-batean. Kito, eginda zegok, atzera bueltarik ez. Azken hilabeteetan indartuz joan duk heure baitan erabakia, hori hala duk; indartu duk baiezkoa, gai izango ote hintzen zalantzak ahuldu ahala. Baina txartelik ezean ez zegoan ezer seguru, beti zuan posible gauzek beste norabide bat hartzea bitartean.

Hemendik aurrera beste tentsio bat hasiko zaik, beste tentsio bat haziko duk heure baitan. Bai baitakik behin abiatu eta gero betiko galderari erantzun beharrean aurkituko duala heure burua: Zertan ari haiz, zer egiten duk hik hemen? Iraungo al duk sei hilabetez, eutsiko ote diok, epelera biltzeko premia sentitu gabe? Erantzunak, aurki.

9184442.