Testuen luzera

Nola aldatu diren gauzak! Denbora asko ez dela, ondo egindako gauzak maite genituen; gauzak ondo egiteak balioa zuen, eta handia. Orain, ez dakit ondo egiteak balio duen… edo azkar egiteak. Idatzi, 140 karaktereko mugen barruan; irakurri, ez whatsappeko mezu bat baino luzeago…

Entzun? Lehengoan Asteasun ginen, muskerraren bidea egiteko asmotan joanak. Iritsi ginen, bada, bidearen hasierara, eta hantxe, mugarri moduko baten gainean, QR kode bat. Telefonoak hartu, kodea eskaneatu, eta Atxagaren ahotsa han bertan, zuzenean bezala ia, entzuteko aukera. Zer errazago? Lehenengo gunea zenez, azalpen luzexeagoa, nonbait, 17 minutukoa, oker ez banago. Han hasi ginen denok a-ze-plastaka, ea nola egongo ginen ba, han, segapoto batetik ateratzen zen jarioa entzuten ordu laurden bat baino gehiago… Eta kito, nola edo hala entzun, eta aurrera egin genuen. Beste batean joan beharko dut, patxada handixeagoz, ea osatzen dudan Obabako musker urdinez seinalatutako bidea.

Duela urte batzuk, kamera berri bat erosi, eta ez nuen haren aukera eta funtzio guztiak ikasi arteko onik izaten, kapaz nintzen gau osoa esna emateko, kameraren instrukzio liburua burutik ipurdiraino irentsi behar hartan. Eta argazkiak ateratzera trepeta hura nola erabiltzen zen jakinda aterako nintzen. Orain, gaur bertan estreinatzen ari naizen tableta hau bera ere, ziur naiz, dauzkan aukeren erdia ere ikasi gabe utziko dut, alde batera uzteko garaia iristen zaionean, zer eta nola egin nezakeen jakin gabe −gauza asko eta asko behintzat bai, seguru nago horretaz− botako dut harrikara. Ados, ameto, trepeta konplexuagoak dira gaur egungoak, duela 30 urtekoekin alderatzen baditugu, baina ez da hori kontua, edo ez zait iruditzen niri behintzat. Trepeta konplexuagoak, bai? Instrukzio libururik ere ez dute ekartzen eta! Zertarako? Inork irakurriko al luke? Hasi erabiltzen, azkar, nola edo hala baina erabili, egin, ibili, joan, etorri… Ezertarako patxadarik gabe.

Eta gauzak ondo egitearen balioaz ahaztuta erabat.