Gizon izateaz lotsa

Autoko irratian entzun duk, Donostiarako bidean, eta tripak nahastu zaizkik xehetasunak ematen hasi direlarik. Ezin izan duk bukatu arte eraman, eta itzali egin duk irratia.

Ez duk albiste berri-berria, duela bederatzi egun gertatua omen, Brasilen. Hamasei urteko neskatxa bortxatu ditek. Horraino, berririk ez, ez Brasilen eta ez hemen.

Hogeita hamahiru (33) lagunek bortxatu omen ditek, batak bestearen atzetik. Eta hogeita hamahiru horien artean bat, haren mutil laguna: estreinakoa izateko eskubidea aldarrikatu ote du, exijitu ote die halakorik bere kideei?

Hori gutxi iruditu nonbait, eta grabatu egin ditek, filmatu, argazkietaratu beren sega potoekin. Eta sareratu, munduak jakin dezan haien balentriaz. Eta bideoa hor omen zebilek, bolo-bolo; haren zabalkundeari hauspoa ematen ari zaizkionak ere badituk, eta ez gutxi. Morboa. Zapaldu egin ditek… Tunela zabaldu ziotek 30 lagunek baino gehiagok… Tren oso bat pasa zaiok gainetik, errazak dituk holako emakumeak… eta tankerakoak idatzi ditiztek sareetan, argazkiak eta bideoa hedatzen lagundu dutenek. Gizon izateaz lotsatzeko modukoak, ez zegok besterik esaterik.

Manifestazioak egiteko ohitura zegok orain, horrelakoetan, eta Brasilen ere egiten ari omen dituk, han eta hemen. Zertarako? Zeinen aurka? Ezertarako balio ote dute manifestazioek horrelakoetan? Duda egiten duk!