Irribarria, Amatriain, karrozeroa eta etxekoandrea

Irribarria aramarrak irabazi du eskuz eskukoa. Gaztea mutila!, hemeretzi urte baino ez ditu. Eta txapela buruan itzuli da etxera bart −edo goizaldera, behar bezala ospatu eta gero. Bejondeiola!

Ados. Bale. Ameto: izugarria da egin duena, txapelketa bikaina jokatu du, hiru txapeldun handiri irabazita iritsi omen da iritsi den lekuraino. Ez naiz ni izango hori dena ukatuko duena.

Gipuzkoako Foru Aldundian harrera egin diote, irabazi eta biharamunean. Harrera, Aldundian, hemeretzi urteko mukitsu aramarrari. Harrera, eskuz banakako txapelketaren aurtengo irabazle… gipuzkoarrari. Harrera, Aldundian, txapelketa behin jokatu eta behin irabazi duen Irribarriari.

Barkatu, baina irribarrea ezkutatu ezinik nabil egunotan; barkatu, baina irribarrea haserre bihurtzen zait pentsatzen hasiz gero.

Duela hamabost egun, Alicia Amatriain donostiarrak Benois de la Danse saria irabazi zuen, dantza munduan zinemaren oscarren pareko omen den “sari prestigiotsua”, hala kontatu digute albistegi eta egunkarietan. Stuttgarteko Operako lehen dantzaria da, hogei urtetik gora daramatza bertan lanean. Iaz ere beste bi “sari garrantzitsu” eman omen zizkioten… Kazetariek gogorarazi digute, orobat, Lucia Lakarra izeneko zumaiar batek irabazi zuela sari bera duela hamahiru urte, eta, besteak beste, 2010ean hamarkadako dantzari onenaren saria ere eman ziotela…

Amatriaini ez diote harrerarik egin Foru Aldundian… Wikipedian ere ez duzu haren fitxarik topatuko, oraindik behintzat −Irribarriarena, berriz, urtebete baino gehiago da baten batek sortu zuela, profesionaletan hasiberri, artean txapelketa “garrantzitsu” asko irabazi gabea bazen ere.

Gure aitari ere ez zioten inoiz harrerarik egin Aldundian. Hamalau urterekin karrozero lanean hasi, eta hartantxe hirurogeita bostekin erretiratu zen arte. Baserriko lanak egiten zituen, gainetik, tailerretik irtendakoan. Eta baserriko lanak, erretiratu zenetik hil baino hilabete lehenago gaixotu zen arte.

Alkizako Olatzagako Marixabeli ere ez, batere harrerarik ez, inon. Nola, lana besterik egin al du, ba, bere bizitza osoan?

Karrozero xume bati, etxekoandre arrunt bati… Baloi baten atzetik ibili eta milioika euro poltsikoratzeko abilezia duten horietakoak balira, sikiera! Akaso orduan bai, baina bestela?