Biharamuna

Hosteleko gauak alaiak ohi dira; goizak, ez horrenbeste.

Afaldu eta gero bata bestea berotzen hasi ziren, bezperan ezagutu zituzten neskengana joango ziren hiru begiurdinak, garagardo batzuk hartuta. Afalondoan berandu arte dantzan ibiltzen zirela esan omen zioten mutiletako bati, hori ulertu zuela zioen behintzat berak. Eta garagardoak hartu eta Monteverdeko kanpamenturantz abiatu ziren hirurak, gau goxo baten itxaroak hauspotuta.

Hala zen, giro bikaina zuten latino haiek kanpamentuan, musika ozen. Neskek pozik hartu zituzten aire iritsi berriak; mutilek, ordea, muzin egin zieten, tipo haiekin gau osoa please-ka eta sorry-ka jarduteko gogorik ez zeukatela, eta gehienek martxa egin zuten, gutxika-gutxika eta disimuluan. Oihana isilik zegoen bitartean, garagardoz bustitako kantek girotu zuten gaua, algara eta buila gailendu ziren kanpamentuan. Dantzak ere egin zuen bere lana, gorputzak nasaituz, arrimatuz.

Gaztearen odola beroa da, aise iristen da zirrikitu guztietara; burua, berriz, beroegia. Trago batzuek ez diote, agian, odolari lagunduko; buruari, ziur ezetz.

Parranda dezente luzatu zen, eta gazteak erretiratuz joan ziren tantaka. Begiurdinetako bat ere, karga-karga eginda ordurako, bye bye esan eta hostel aldera abiatu zen, balantzaka. Ez zuen gustuko bere lagunek bi neska haiekin hartutako tema, oso agerian zegoen-eta ikusi nahi ez zutena. Eta ezezko bat ulertzeko, ez da hizkuntza asko jakin behar.

Biharamunean, Monteverdeko poliziak bederatzietarako hosteleko atean ziren, txirrin joka. Duela bizpahiru egun heldutako begiurdin garai haien eske zetozen, goizaldean kanpamentuan gertatutakoaz galdekatu nahi zituzten. Estreina jaiki zenak, mozkorra lo-pasatu gabea artean, ea ingelesez moldatzen zen bota zion poliziari ikusi orduko.