Batua eta euskalkiak, Txiletik Argentinarako bidean

Bidaiako pasadizo guztiak kontatzeko astirik ez huen izan, jakina, batetik bestera henbilen bitartean. Itzuli eta gero, baina, hemen bizi izandakoek ekartzen dizkiate gogora, tarteka, haietako batzuk. Batuaren eta euskalkiaren artekoak denen ahotan dabiltzan honetan, Txileko Puerto Varas-etik Barilocherako bidean izandako enkontru batekin oroitu haiz, eta hona ekartzea pentsatu duk.

Gizon haren izena ahaztua duk dagoeneko, baina ez haren itxura eta hitz egiteko moduak –eta jarioa–. Autobusean beti bezala sartu hintzen, zertxobait irakurri eta lasai egoteko esperantzan. Bestalde, Andeak gurutzatzera hindoan, eta batetik eta bestetik entzuna huen paraje ederra zela muga horren ingurukoa; leihatilan barrena ikusmiran joateko parada izatea ere espero huen, beraz, egun hartan, Puerto Varaseko autobus geltokian hengoela. Horretan geratu zituan denak, ordea: esperantza hutsean.

Hire adinekoa tipoa, burusoila; eraikuntzan jarduten zian eta negozioak zitian han eta hemen (Txilen, Argentinan… eta Espainian). Urte asko zituan Bariloche baino 100 km lehenago dagoen Villa La Angosturara etorri ohi zela, eta etxe bat ere bazian bertan, berak eraikia. Egun horretan, Txileko lagun batzuenetik zetorrean autobusean, Villa La Angosturako bere etxera, egun batzuk bertan eman eta ea konpontzen zituen oinordetzan jasotako zerbaitekin zituen saltsak. Saltsazalea zuan, inondik ere, agerikoa zian hori. Eta progre azaldu nahi zian, exkertiar, hire aurrean behintzat.

Aldamenekoa ez, baizik pareko eserlekua hartu zian. Bidaia lauzpabost ordukoa izango zuan… bada lauzpabost ordu aritu zuan hizketan, isildu gabe! Burgos aldekoa, espainola. Oso espainola. Hire itxurako euskaldun batekin hizketan ari direlarik mantendu beharreko posea eta jarrera kontrolatzen dakiten horietakoa. Baina pose-jarrerei luzaroan eustea ez duk erraza izaten, atzenerako beti azaleratzen duk benetako muina zirrikituren batetik.

Bere bizitza kontatu zian, bere saltsak usaintzera eman zizkian, bere ahalak erakutsi zizkian batere lotsarik gabe –lotsatuta heu, autobuseko beste bidaiariak dena entzun eta ulertzen ari ote ziren beldur–. Elkarrizketa bakarrizketatzat –edo alderantziz?– duten horietakoa zuan, eta ez zian solasean enplegatzeko lan handirik eman hiri: haren yo, yo eta yo ugariei ya, ya eta ya etsi batzuekin erantzunda aski izan huen, denbora gehienean. Baina, noski, batzuetan gehiegizkoa duk isilik geratzea.

Haren muina azaleratuz joan zuan ezinbestean, bada, konfiantza hartu ahala. Halako batean, Euskal Herriaz eta politikaz ari zinetela, hizkuntzaren gaia atera zian, eta euskara batuari buruzko topikoak zerrendatzen hasi zuan. Han bota zitian, bata bestearen atzetik, artifizial, plastikozko, asmatu, hatxedun, inposatu, ezdeus eta abar bezalako bitxiak. Horren aurrean sutan, ezin izan hintzen isilik geratu, eta, hala uste duk behintzat, gauzak dagokien tokian utzi hituen. Alferrik, seguru asko; baina une hartan, bederen, lortu huen tipoa isilik uztea.

Autobusa Villa La Angosturara sartzen ari zela izan zuan errematea, esan zianean leihotik begiratzeko, Argentinan Txilen baino “haragi” hobea zebilela eginez. Neska batzuk ari zituan espaloitik pasatzen… Aldi hartan isilik geratu hintzen, ez hintzen ausartu ezer esatera. Baina, herenegun Miren Amurizak Berria-ko bere zutabean ederki zioen legez, alaba aipatzea merezi zian tipoak une hartan.

Ohar luzea: Batuaren eta euskalkiaren artekoak denon ahotan dabiltzan honetan, bada, etsaiaren ahotik entzuten direnen antzeko ahotsak hasi dira gure artetik ere entzuten –pozik egongo litzateke autobuskide burgostarra, eskerrak ez duen gure artekoa ulertuko–. Hizkuntza –mespretxuz letrakuntza deitu dionik ere bada– artifiziala, plastikozkoa, sentimenduak adierazteko ezdeusa omen da euskara batua; euskalkietan omen dago, berriz, bizitasuna, saltsa, gatza eta piperra.

Beste askok nik baino lehenago –eta hobeto– esan duten bezala, artifizialtasun horren errua, izatekotan, hizkuntzarena ez, baizik hiztunona izango da; ez baita egia, gainera, kasu guztietan, plastikozkotasun delako hori: testu eder askoak badira euskara batuaz (harri-burdinazkoak, larruzkoak, oihal finekoak… ezen ez plastikozkoak); eta batua erabiliz dotore asko mintzatzen diren hiztunak ere bai. Hiztun trakets ugari baden bezalaxe, batua zein euskalkia erabili. Gatz-piperrak erosteko, beraz, bakoitzak jakingo du nora jo: euskalkien denda zabalik da, eta bada bertan batua ontzeko zer ugari.

Estandarra duten hizkuntza guztietako hiztunek dakite estandarra zertarako eta noiz erabili behar den, eta dialektoak zertarako eta noiz erabili behar diren. Eta ez dute horretan huts egiten: badakite noiz, nola eta zertarako erabili, eta noiz, nola eta zertarako ez. Noiz demontre ikasiko ote dugu hemen?

Herri honetan, edo ez dugu oraindik ikasi edo badirudi azkenaldian ahazten ari zaigula, eta hor gabiltza noraez gaiztoan, berrogeita hamar urtean egindako bidean alderrai. Gurea bezalako hizkuntza batek estandarizazioaren aldetik egin duena –egin duguna, hiztunok–, duela berrogeita hamar urte zegoen egoeran egonda, sinestezin zaio munduan askori, eta miretsita egon ohi dira. Bati baino gehiagori irakurri diodan bezala, euskara batua da, gurean, XX. mendean izan den kultura fenomenorik harrigarriena; eta, segur aski, lorpenik handiena ere bai. Ez dakit inork zalantzan jarriko duen egun, batuari esker dagoela euskara dagoen egoeran, corpusari dagokionez; eta estatusari dagokionez ere, ez dut uste hainbeste jendek ikasiko zuenik hizkuntza, batua bezalako tresna bat eskura izan ez bagenu.

Baina tira, kapaz gara, eta deskuidatzen bagara lortuko dugu. Deskuidatzen bagara harrika botako dugu dena, egindako bidea desegingo dugu –ustez hobe bati ekitearren edo–. Etsaiak txulo batetik begira izango ditugu, beste hainbat arlotan bezala, eta barrez, indarrak nola barreiatzen ditugun ikusita. Dorian Grayren erretratue… eta fotoa, eta argazkixa, eta potreta fabrikatzen emango ditugu gure onenak, beste batzuek gure hizkuntza hilaren erretratuarentzako urrezko markoa prestatzen diharduten bitartean.