Euskal Liburutegi Nazionala

Zertaz idatzi, bada, zer esan, gure kulturaren Torrealdai bezalako erraldoi bat itzali delarik? Ia dena esanda dago gaurko egunkarietan, labur geratu dira adjektiboak: lemazain, itsasargi, bultzatzaile, gidari, eragile… Handi. Izan ere, pertsona handia joan zaigu, eta utzi duen hutsunea ere halakoxea da.

Sareetan eta egunkarietan irakurri ahal izan ditugun hainbat eta hainbat gauzaren artean, komentario xume bat egin nahi nuke, gaurkoetan, nire iritziz behintzat, horrenbeste aipatu ez den aspektu bati buruz. Noticias de Gipuzkoa-n idatzi du gaur (Berria-n ere ikusi dut artikulua) Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak:

Liburuen inguruan jorratutako zure bizitzan, Liburutegi Nazionalak garrantzi berezia zuen zuretzat, eta gogoeta interesgarria eskaini zenigun. Harrezkero, elkarrekin izan garenetan ere, liburuak, liburugintza eta liburutegiak izan ditugu mintzagai, izan fisiko edo izan digital. Buru-belarri jardun duzu azken urteetan ere proiektu horren inguruko lanetan. Eta bitartean, urtez urte, urteroko liburugintzak utzitako uztaren berri eman diguzu, hutsik egin gabe.

“Liburutegi Nazionalak garrantzi berezia zuen zuretzat” diotso, hitzez hitz, kontseilariak. Eta batek espero du hurrengo lerroetan beste zehaztasunen bat aurkitzea, etorkizunaren aipamenen bat, proiektu horrekiko konplizitateren bat —ezen ez konpromisorik—, esperantzari zabaldutako zirrikituren bat… halako proiektu baten testuinguruan ardurarik handiena (izan) duen pertsonarengandik. Baina ez, Euskal Liburutegi Nazionalak garrantzi berezia zuen Torrealdairentzat, horretan geratzen da aipua. Eta gogora etortzen zaizkio irakurleari Zupiriaren aurretik izan diren kultura kontseilariak, Liburutegi Nazionalaren proiektuaz esplizituki mintzatu direnak barne, gure kulturarentzat dukeen garrantzia ahotan hartu dutenak.

Baiki, Euskal Liburutegi Nazionala Torrealdairen ametsetako bat zen. Ez nuen gogoan zein zen zehazki euskaltzain oso izendatu zutenean Foruan emandako sarrera hitzaldiaren izenburua: Bibliografiatik Bibliotekara. Esperantzari leihoa, baina gogoan dut ezen, une hartan Euskal Biblioteka amestzat jotzen bazuen ere, zer egingarritzat jotzen zuela “bihar” (2009az ari gara), eta han geunden guztiok gonbidatu gintuela horren alde amets —eta lan— egitera.

Esperantzari zabaldutako leiho horrek denbora gehiegi darama zabalik (1914-1923 urte tartea aipatu zuen Torrealdaik hitzaldi hartan, Euskal Pizkundearen aro historikoaren erdi aldera), eta euskaldunok liburutegi nazionalik gabe jarraitzen dugu. Ez dirudi herri honentzat lehentasunezko egitasmoa denik (deus ez egiteko egungo banaketa administratiboa aitzakiatzat aurkeztu izan bada ere), beste proiektu batzuek dute garrantzia hemen eta orain. Kultura, hizkuntza… ez dira industria; kultura, hizkuntza… gastu dira; kultura, hizkuntza… ez dira abiadura handikoak. Eta tristea da pentsatzea, agian izango dela Lakuako bulegoren bateko tiraderaren batean gordeta —Iruñeko edo Baionakoetan nekez— ELNren proiektu zirriborroren bat: paper errea hautsa biltzen, tamalez.

Ametsetan jarraitu beharko dugu, bada, Joan Mari; eta lanean. Bidaia on opa dizut, ez dakit herri honek inoiz eskertuko dizun eman diozun guztia.