Asteko irudia: Arratsalde pasa malekoian

Hiru gazte Habanako malekoian.

Habanako malekoia, 2019ko Urtezahar bezpera. Arratseko argi urrekara, itsas haize epela.

Hiru gazte. Bi eta bat. Bat eta bi. Hiru. Bi jardunean, bat egonean. Hiru mugikor: bat eskuan, jardunean; bi petrilean, egonean. Amerika soinean batek, ez Martírena. Amerika horrek egiten ote dio kuku pantaila txikitik? Eta txankletak: Nike (Nik ere…? 😉 ). Hiru habanar, arratsalde pasa malekoian.

Kalearen beste aldean, argazkilaria, autoen emana noiz arinduko zain: klik; eta klik.

Zertan ote dira egun hiru habanar horiek? Malekoian ote dabiltza gaur ere, nasobucoa jantzita, arratsalde pasa?

Blogaria, berriz, hemen dabil arratsalde pasa bera ere, duela ia urtebete egindako argazkiari begira, zerbait esan nahi eta lauzpabost esaldi taxuz moldatu ezinik.