Argazki liburua: Alaska

“Azken muga” esaten diote batzuek… hain da azken, hain da muga, nonbait, batzuentzat. Lurralde urruna eta arrotza (guretzat), lurralde hotza, zabala… Iberiar penintsula halako hiru ia zabaleran, zazpi milioi dolarren truke errusiarrei erosia; AEBko 49. estatu bihurtua. Alaska da, han dago.

Errepide amaiezinak, milak eta milak milen eta milen atzetik, ipar aldera doazen bideak inon finituko ez balira bezala… Mendia, basoa, mendia, basoa, mendia, glaziarrak, eta glaziarrak, elurra eta izotza, lakuak, harriak, itsasoa, ibaiak, ura… bi hankakoek oraindik zapaldu ez dituzten makina bat bazter, bai, seguru. Aspaldi emana zioten izena duela gutxi berreskuratu duen Denali mendi sakratu eta dotorea, Yukon eta Talkeetna ibaitzarrak, Prince William kanal isil eta izoztua, Exit glaziarra Harding izotz eremu zabaletiko ihesbide, 800 mila luze den Trans-Alaska oliobidea, herrialdea alderik alde zeharkatzen duena… Espazio mugagabe eder bezain beldurgarriak. Ipar aldeko argia, egun luzeak eta gau laburrak (udan, noski). Anchorage, Talkeetna, Fairbanks, Circle, Valdez, Seward, Homer… Hartzak (“non azalduko” ibili behar beti!), baleak, altzeak, izokinak, halibutak, karibuak, itsas igarabak, arranoak, otsoak, lurreko urtxintxak, oreinak… Eta alaskarrak, aspalditik bertan zirenen ondorengoak eta ez hain aspaldi, Bering itsasartearen alde batetik zein bestetik, joandakoenak, babes gutxiko ingurune latz batean bizitzen laketuak denak ala denak.

2019ko udan, bada, bi lagunekin lurralde hartan ibiltzeko zortea izan nuen. Urtebete baino gehiago kosta bazait ere, bidaian egindako argazki pila hartu, mordo bat editatu, gutxi batzuk aukeratu eta artzubidaiak saileko bigarren liburua autoeditatu dut azkenean. Aurrekoan bezala (Lanzarote), Blurb-en inprimarazi dut: 320 x 275 mm-ko tamaina, azal lodia eta 148 g/m²-ko Mohawk papera, iztukatua oraingoan; 121 argazki guztira (% 80 koloretan, zuri-beltzean gainerakoak), 150 orrialdetan.

Duela hamar edo hamabi mila urte Ekainen marraztu zituzten zaldiak ez dira oraino ezkutatu, hortxe ditugu leizeko hormetan guri begira, irarrita betiko. Antzinatean margotutako pareta eta sabaiak ere ikusgai ditugu maiz leku askotan, eta gauza bera gertatzen da Erdi Aroan edo handik hona egindako arte gehienarekin. Hogeigarren mendeko argazkilariek izoztutako une asko eta asko papereratuta daude, familia albumetan itsatsirik, liburu-aldizkarietan inprimaturik edo hormetan zintzilik. Baina zer gertatzen da gaur egun egiten ditugun milioika argazkiekin? Gure garai honetan sekula baino irudi gehiago egiten dira argazki moduan, sekula baino irudi gehiago ikuskatzen ditugu egunean zehar. Baina zein da irudi horietako gehienen patua? Bada ordenagailuetan eta mugikorretan gatibu geratzea, harik eta, askotan, ordenagailu edo mugikor horiek poto egin eta harrika botatzeko geratzen diren arte. Horixe da milioika irudiren zoria egunero-egunero, disko gogorreko espetxetik irten ezinik geratzea, alegia, disko horiek suntsitzen diren arte; edo hodeietan alderrai ibiltzea bestela, noraezean, baten batek, inoiz, akaso, egunen batean txiripaz topatu eta mugikor ziztrin baten pantaila txikitik batere enpatiarik gabeko begiratu iheskor bat egingo dion esperantzan; onenean.

Nik, egia esan, bizitza osoa aurrena diapositibak eta gero argazkiak digitalki egiten eman dudanak, gero eta gehiago baloratzen dut argazkia paperean edo beste edozein euskarritan inprimatuta ikustea, ukitu, usaindu eta dastatu ahal izatea; eta plastikozko kaxetan eta ordenagailuko diskoetan ditudan milaka irudiotako batzuk argitara ateratzeko moduen bila nabil aspaldian, argazki inprimatuei darien doinu hori entzuteko aukera baten bila edo. Hori dela-eta eman nion hasiera duela urtebete artzubidaiak sailari, eta sail izena merezi izateko falta zitzaiona ematen diot, orain, bigarren liburu honekin.

Hementxe duzu liburuaren azala; gainean klik eginda webguneko orrira bideratuko zaitu, eta, bertan, beste klik batek nire kamerak harrapatutako Alaskan barneratuko zaitu, liburuaren orrialdeetan zeharko ikustaldia egiteko aukera emanez. Ez zaizu damutuko ordenagailu batean eta pantaila osoan ikusten baduzu (utzi mugikorraren pantaila beste gauza batzuetarako, gaur bertan ere iritsiko zaizkizu makina bat meme, argazki eta bideo). Ea gustuko duzun, bada.

Alaska: argazki liburua (artzubidaiak 2)

Oharra: Blog honetako irakurle batzuei Lanzaroteko liburua gustatu, eta erosi egin nahi izan zuten (kostaprezioan); eta, hala, bizpahiru ale inprimatzeko asmoa banuen ere, azkenean 10 bat-edo enkargatzen bukatu nuen. Mota honetako liburuak garesti ateratzen dira, jakina, baina Blurb-en noizik eta behin eskaintzak egoten dira, eta aurreko liburu hori neronek lehen aleagatik ordaindu nuenaren erdi-prezioan lortu zuten suertoso batzuek duela urtebete, aipatu eskaintza horiek baliatuz. Horregatik, oraingo honetan inork interesik izanez gero, bidal diezadala mezu bat niri, eta joango naiz zerrenda bat prestatzen; ea kopuru polit bat osatu eta eskaintza horietako bat parean suertatzen zaigun (edonola ere, 10 liburu edo gehiago eskatuz gero, bestelako eskaintzarik gabe, 100 euro inguru aterako litzateke ale bakoitza; eta aipatu eskaintza on horietako bat tokatuz gero, berriz, 76 euroan ere atera liteke ale bakoitza).