Zorionekoak?

Zorionekoak ginateke
euskal herriotan euskara gehiago entzungo balitz.

Zorionekoak ginateke
udaltzain, mediku, agintari… euskaldunak bagenitu.

Zorionekoak ginateke
baxoa, brebeta eta abar euskaraz egiteko aukerarik balego.

Zorionekoak ginateke
pantaila-ekranetatik jario-jasa euskaldunagoak helduko balitzaizkigu.

Zorionekoak ginateke
epaile izeneko orojakile gutxiagoren menpe bageunde.

Zorionekoak ginateke
ditugun erreferentzia guztiak gero eta erdaldunagoak ez balira.

Zorionekoak ginateke
horrenbeste aldi, urrats, oinez eta kilometroren premiarik gabe bagina.

Zorionekoak ginateke
gibelera hainbeste baino aitzinera begira bageneza sarriago.

Zorionekoak ginateke
harribitxiei gabe oinarriei erreparatuko bagenie.

Zorionekoak ginateke
esku baten lilurak eskubide ditugunen bila bultzatuko bagintu.

Zorionekoak ginateke
hizkuntza gutxiago ahomentatu eta gehiago ahogozatuko bagenu.

Zorionekoak ginateke
balitz, bagenitu, balego, balitzaizkigu, bageunde, balira, bagina,
bageneza, bagenie, bagintu, bagenu…

Baina, bitartean, sorioneku izaten etsi beharko dugu.

Harro, hori bai.