Heptamerona, 2. eguna: irakurraldia Amaiurren

Margarita Nafarroakoaren Heptamerona euskaratzeko proiektuaren barruan1, aurten bigarren atala itzuli dugu, hau da, Zarrantzan bildurik diren bortz emazte eta bortz gizonek bigarren egunean kontatzen dituzten istorioek osaturikoa (11. istoriotik 20.eraino); gogoratu: Heptameronean, egunean istorio bana kontatzen dute kontalariek. Eta, iaz Iruñean bezala, aurten ere elkartuko gara, bigarren egun horri dagokion testu osoa jendaurrean irakurtzeko.

Heptamerona, 2. eguna: irakurraldia

Bigarren egunaren itzulpena neuk egina da, eta Itziar Diez de Ultzurrun arduratu da gainbegiratzeaz (eskerrik asko hemendik, eginiko lan bikainagatik). Aitzinsolasa eta lehen eguna bezala, bigarren egun hau ere Booktegik argitaratuko du (eskerrak, beraz, Aritz Brantoni ere, proiektuan sinetsi eta aurrera eramateko egiten ari den ahaleginagatik).

Irakurraldia Nafar Ateneoak antolatu du eta Amaiurko Gaztelu elkartean izanen da, urriaren 29an (larunbata), goizeko 10:00etan hasirik. Kartelean dioen bezala, ekitaldia irekia da irakurtzera zein entzutera etorri nahi duen edonorentzat. Pasarte bat irakurri nahi duenak mezu bat idatzi behar du euskera@ateneonavarro.es helbidera, izen-deiturak eta telefono zenbakia adieraziz (postaz bidaliko zaio gero irakurtzeko egokitu zaion zatia).

Hona hemen hamaikagarren istorioaren hasiera ematen dion laburpen gisakoa:

Roncex-eko andereak, Thouars-eko frantziskotarrenean zegoela, hain presatua ikusi zuen bere burua bere zereginak egitera joateko, non, batere behatu gabe komunontzia xahu zegoen ala ez, jarri egin baitzen, hain leku lohian, ezen ipurdi mazelak eta jantziak oro zikindu zituen, halako moduan, non, sokorri galdez oihu egin eta garbitzen lagunduko zion emazteren baten eske hasi zelarik, gizonak jin baitzitzaizkion zerbitzuan, eta biluzgorri eta emazteki bat ager litekeen egoerarik makurrenean ikusi zuten.

Bistan denez, hasi behintzat istorio irrigarri batekin hasiko gara. Egun polita izanen da, animatu!

  1. Egitasmo honetaz blogean aurretik idatzitakoen berri izateko, jo sarrera hauetara: