Gabon giro

Tolosa, eguarteko hamaikak, 2022 amaitzear. Tabernan, tabernaria eta betiko bezero zenbait. Kalean, gabon giro.

Kantari datoz: burua zapi batez estalita duen emakume gaztea, bi alabarekin. Euskaraz aritu dira nerabea eta haurra, ederki abestu dute gabon kanta. Tabernariak euroa eman die, eta antzera bizpahiru bezerok. Eskerrik asko esaten bazekiten, amak ere bai.

Atetik irten orduko, tabernariak bezeriari:

—Aurtengoz, bale, estreinako aldia duk eta. Baina datorren urtean, horrela jantzita etortzen badira, balihoazkek atzera etorri diren bidetik. Zer uste dute, ba, ohitura batzuk bai eta beste batzuk ez, ala?

Beste bezero bat sartu da orduantxe: neska gaztea. Atarian egin du topo, nonbait, kanta eskean dabiltzanekin:

—Ni ere kantari nator —esan du txantxetan, barrara hurreratuz. Tabernaria hasia zen dagoeneko goizeroko kafesnea prestatzen harentzat.

Pues si cantas desnuda, a nosotros no nos importa nada —bota du bat-batean tabernariak, erdara batuan, kafea prestatzeari uzteke; eta bezeriari begira, oraingoan ere.

Ez zuela asmorik, katarratua dabilela… ozta-ozta atera zaio ahotsa, doi-doi ostenduz auzo lotsa.

Kalean, gabon giro. 2022 amaitzear.