Heptamerona, 4. eguna: irakurraldia Orbaizetan.

Margarita Nafarroakoaren Heptamerona euskaratzeko proiektuaren barruan1, aurten hirugarren atalari bazegokion ere (aurretik lehen biak itzulita daudenez), antolaketa eta plangintza arazo batzuk direla medio, hirugarrena ez baizik laugarren atala itzuli dugu joan berri den ikasturtean zehar; atal horretan, uholdeengatik Pirinio aldeko Zarrantzan irten ezinik diren bost emakume eta bost gizonek beren itxialdiko laugarren egunean kontaturiko istorioak biltzen dira (31. istoriotik 40.eraino); dakizuenez, Heptameronean, eguneko istorio bana kontatzen dute kontalariek.

Heptamerona, 4. eguna
Irudia: Begoña Durruty Sukilbide

Eta, aurreko urteetan Iruñean eta Amaiurren bezala, aurten ere elkartuko gara, laugarren atal horretako testu osoa jendaurrean irakurtzeko (ikus xehetasunak behean).

Atal honen itzulpena neuk egin dut, eta Itziar Diez de Ultzurrun arduratu da gainbegiratzeaz eta oharrak egiteaz (berriz ere, esker anitz hemendik, eginiko lan bikainagatik). Aurreko atalak bezala, hau ere Booktegik argitaratu du2 (eta eskerrak, beraz, Aritz Brantoni ere, proiektuan sinetsi eta aurrera eramateko egiten ari den ahaleginagatik).

Irakurraldia, aurrekoak bezala, Nafar Ateneoak antolatu du, eta Aezkoako Kultur Olan izanen da aurten (Orbaizetako Arma Fabrika zaharraren ondoan), urriaren 21ean, larunbata, goizeko 10:30ean hasirik. Ekitaldia irekia da irakurtzera zein entzutera etorri nahi duen edonorentzat. Pasarte bat irakurri nahi duenak, hori bai, mezu bat idatzi behar du euskera@ateneonavarro.es helbidera, izen-deiturak eta telefono zenbakia adieraziz, eta postaz jasoko du gero irakurtzeko egokitu zaion zatia. Irakurketan etenaldi bat egingo da eguerdian, bazkaltzeko (bazkarian parte hartu nahi duenak ere izena eman behar du aldez aurretik).

Laugarren eguneko mintzagai nagusi ditugu “emazteek senarrak berenganatzeko duten pazientzia bertutetsua eta egin ohi duten igurikatze luzea, eta gizonek emaztekiekiko ukan ohi duten zuhurtzia, beren etxe eta leinuen ohorea atxikitzeko”. Baina istorioen artean badira kordelier edo frantziskotarrak protagonista dituzten istorio gordinak eta barregarriak ere, hala nola, urdeei “kordelier” erraten zien harakin batenean ostatu harturik zeuden bi frantziskotarrek, harakinak txerritegian zeuzkan “kordelierrak” biharamunean kalitu (akabatu) behar zituela entzunik,  pasatu zuten trantze txarraren berri ematen diguna.

Hamar istorio labur, beraz —eta, ez ahaztu, istorio bakoitzaren amaieran, hari buruzko eztabaida bizia izan ohi dela bildurikoen artean—, denon artean irakurri eta gozatzeko. Egun polita izanen da, eta Irati aldeko inguru horiek bisitatzeko ez da garai txarra udazkena. Animatu!

  1. Egitasmo honetaz blogean aurretik idatzitakoen berri izateko, sarrera hauetara jo dezakezu:

  2. Hona hemen Booktegik aurrez argitaraturiko atalak: